El.— Neke da, bai, —arek— ori bear bezala adierazten; baiña saiatuko naiz, Iainkoaren laguntzarekin.

       Oroitzeaz mintzo nintzaizula, esanik utzi nizun, naski, misterio antzeko gauza zala. Beste auez da batere errexago. Emen datoz ederki animaren axala ta barne-muiña esaten diotena. Barren ortatik axalera zerbait iario oi zaigunean, ezagutzen dugu ta baitaratzen gera; are geiago, xamurtasun ortan gorputza bera ere erdikide ba'litza; baiña legor gaudenean nola igarri? Emen dira lanak eta nekeak! Iainkoaz oroitze maite ortan, asiberrian, kristau zintzo askok ez dute arkitzen lenago guritasunik. Gure erlijioaren egiak iraultzen eta arrazoiketan oiturik ba'zeuden, ortan oso aldapa gora egiten zaie oroitze maite soil ortan geldi egotea. Legorraldi ortatik atera nairik, berriz lengora biurtu ba'litez, oraingo onek iges egiten die, ta lengoak nazka ematen. Berriro oroitze maite ortara itzultzen ba'dira, alperkeri bizian daudela iduri zaie. Or dira estualdiak! Eta animako guraso iakintsu bat arkitzen ez ba'dute, kezka gogorrak sortzen zaizkie. Au da atekarik estuenetakoa Kristau-bizieran. Ederki diago nere seme Donibane'k: «Ikasi bezate olakoek Iainkoa ernai ta maitaro gogoratzen, eta ez bie axolik atseden artan, iduripenaren ekiña gora bera. Onela atsedeten du animak arrazoiketa gabean. Eta noizean bein zerbait ari baldin ba'da, indar egiñez ez-baiña, arrazoika ez-baiña, ezarian ari da maitatzen, animaren egiñez baiño Iainkoarenez eragiñago». Buruan ezer ezin irauli dunean, ikagu beza Iainko-oroitze maitatsu ortan egoten, adimenari atseden emanez, ezer ari ez dala iduri bazaio ere. Askotan gure anima oroitze maite paketsu ortan egongo da, adimenaren nekerik gabe; askotan, berriz, arrazoiketak emeki ta ezarian lagundu bear dio oroitze maite orri, ortan atsedeteko. Bein ortara ezkero, adimenak ez du lanik. Orduan, bai, esan diteke, bestek eragiñik goxoki ari dala, ta berezkoz ez dala ari. Baizik ere, oroipena Iainkoagana maitaro daukala, zer-ikusi ta zer-suma egon ordez, bere burua Iainkoari egotzi dezaiola, Berak besoetan eraman dezan». Au ez da alperkeria, ezda egote utsa. Iainkoa maitaro gogoratuz ari dana, arrazoiketa alde batera utzi ba'leza ere, ez dago egon utsean. Min sogor batek arturik gauzkanean, ezertako ez dagola iduri zaio gure buruari; baiña miñ artaz minki oroitzen da beintzat. Alaxe, Iainko-miñ orrek arturik Iainkoaz minkioroitzen gera, ta miñ ori beste sendabiderik ez dugu, ots, Iainkoa minki oroitze uts utsa beste sendabiderik. Bego arrazoiketa. Alper-uste ori bidegurutze ez-ezaguna da; bidez doanak ez baitio errez igerriko nondik artu: batetik, alperkeri goxora pasatzen ote dan; bestetik, anima geiegi zirikatuz, aspertuko ote dan; atzera egiñez beste bide bat artuko ote dun; edota Iainko-bidean ibiltzeari erabat utziko ote dion. Ernai ala sogor gauden askotan ez dakigula esan bainizun? berori gertatzen zaigu naimenaren eragiña sumatze ortan ere: alper gauden ala ari geron, ez dezaiokegu igerri ordu artan. Zenbait aldiz, bai, otoitz ondoan, sekulan baiño kemen geiago arkitzen dugu gerongan Iainkoaren alde lan egiteko ta nekeak iasaiteko. Ortatik ageri zaigu, gure geldi-egon paketsu ua etzala alperrarena. Iainkoak Berekin, gauzkala soil soillik oroitzen ari ba'giñan, zerbait on ari genun; eta maitaro baldin ba'geunden Arengana, gauzarik oberenean ari giñan.

       Nai-izanaren, eragiña noiz eta non asten, noiz eta non bukatzen dan, biotzak ez du berririk. Muga orrek ez du zuiñik edo arrastorik, ez mugarririk. Au da asi-berrian kezkarik aundienetakoa. Ez du balio, berriz, ago-otoitz pixka bat egiteak, ez irakurtzeak, ez buruiraulketan iarduteak. Batzutan, bai, orregatik, ago-otoitz labur gori batek, «Gura Aita» emeki esanak, Iainkoazko egi bat ezarian ezarian iraultzeak. Besteetan ez dago bidea arkitzerik. Dezagun gibel olakoetan, eta itxedon dezagun, Iainkoaren laguntza noiz agertuko. Batez ere, ez geiegi zirikatu gure adimena, alperkerian bailegon. Kezka orren miña sumatzea bera, Iainkoarekin maitaro egotea da. Suko autsaren azpian ba-daude txinar batzuk, ikatz bizi batzuk; aizemaka asten ba'zera, aiek agertuz, surik ez duzu piztuko, bear ba'da, ta txinar aiek ere itzali egingo zaizkigu. Ezazu iraupen, bear baita, ez nolanaikoa!

       Miñ orren sendabidez zenbaitek musikara iotzen. Belarriaren laguntza aundia dugu emen ere. Eliza batean zaudela? —Meza-Bezperetaz landa baldin ba'da, irauli etzazu bakartasunean, buruz, ainbeste ta ainbeste Elizkanta eder. Ekarri etzazu berriro idurimenaren belarrira, astiro auznartuz. Emagun, aldareko gure Iaunaren aurrean zaudela. Oroimena —batez ere begiarena— Iainko-oroitze soil eta maitetsu orri ezin lotu ba'diozu, maiz aterezen ba'zaizu, berritu ezazu asi ta buka elizkizunik ederrenetako bat, esaterako Korpus egunekoa. Asi zaite bezperako ezkilak entzutetik. Zer alaitasuna bein edo bein! Gero, oinperako lezkak eta belarrak dirala, aldareetako arrosak dirala, Mezabezperak dirala, ordubete errez ioango zaizu gauza orriek astiro berrirotzen. Bear ba'da, animaren ago-sapaiean atsegin artzen asi zera.

       N.— Baiña —nik— animaren begi-belarrirk alde banatara ioaten ba'zaizkit? bakoitza bere auzora?

       El.— Bedi —arek—. Animaren eta bear ba'da gorputzaren agosapaia Iainkoarekin daukazu; sapai ori zerorrena duzu; ortatik bederen Iainkoari loturik zaude; naimena Argan bete betean daukazu. Naiago zenukela zentzu guziekin, biotz osoarekin, adimen osoarekin Iainkoa atzeman? Iakiña! Baiña, danean dantxoa, nere gizontxoa. Etorriko zaizu noizbait pozaldia ere. Emango dituzu orduosoak eta ordu gozoak, oroipen maitetsu ori Iankoagandik atertzen etzaizula.

 

 

POZALDI

 

       El.— Pozaldietaz ere zerbait esan nai nizuke, labur bederen, —arek—, ez baitago luzaro mintzatu bearrik.

       N.— Orfetan ere bai omen da arrixkurik aski —nik—.

       El.— Iainkoagandik zuzen datozenean, ez; esker ona ta umiltasuna baitakarte berekin. Geuron alegiñez ekarriak ba'ditugu, arrixkua dute, Iainkoa ordez geuren burua maitaraziko baitigute. Zenbait aldiz deabruak ere ekarriko ditigu; baiñan auek ezagutzen ez da oso zail ere; txalapartan etortzen baitira, ez pake betean Iainkoarenak bezala, ta gerora, ta aski laister, beroiek legortzen digute barrena.

       Malkoetaz, berriz, zer esan? Iainkoagandik baldin ba'dira, ez dago arrixkurik.

       N.— Nola ezagutu? —nik—.

       El.— Eta, oroi gaitezen —arek— bizi bizi oroitu ere, Berekin gauzkan Iainkoaz, eta atertuko dira. Ezean, geuron alegiñak naiz deabruak ekarriak dirake. Ernai oriekin! geure burua maitaraziko baitigute Iainkoa ordez. Ba-dira or baztarretan artista esaten zaien —edo berak beren burueri ala esaten dien gizon batzuk—; oriek malkoekin beren burua maitatzen eta iainkotzen dute; besterik baiño geiago dirala dirudite. Antz antzeko dira otoitzean beren burua billatzen duten oriek: santu porrot egiñak, batzuk eta besteak ere. Deabruaren bidez datozen malkoak ixtillu aundiegia dakarte, ta atertzen diranean, barrena uts utsik uzten digute.

       Iainkoaren doai diranean ere, ugari xamar baldin ba'datoz, ez dira, aietan ordu asko irauteko, gorputza beartzen baitute. Auzi guzia auxe dugu: Iainkoa maitaro oroituz alik luzaroen egotea. Ontarako obe dugu, gorputzeraiño iariotzen ez dan pozgiro legun bat, siñestearen argitasunak dakarrena. Orrekin iraun ditezke iru ta lau ordu ere, dak-izun bezala. Au adierazi bear diezu ongi kristau zintzoeri.

       N.— Nola? —nik—.

       El.— Eta, ba-duzute —arek— maisu bikaiña. Ontan ez da zuen Loiola aiñako maisurik.

       N.— Non mintzo da orretaz? —nik—.

       El.— Eta, iru pozaldi mota aiek adieraztean: «Poza diot, azkenik, siñeste, itxarote maitatzeak ugaritzen eta indartzen dituna; zeru-gauzetara ta animaren osasunera erakartzen dun barneko alaitasuna; arek geldierazten eta pakearazten baitu anima bere Egile ta Iainkoagan». Izan ere, zer nai dugu aundiagorik? Iainkoazko iru on-griña oriek ugaritzea ta indartzea! Zer da besterik santutasuna? Iru iturri oietatik datoz beste doaiak oro, Loiola'k Borja'ri kartaz adierazi ziona: «siñeste itxaropen maitasuneri emaiezu esker beste edozeri baiño geiago ta oietatik datozen doai txit santueri». Orra or guzia esanik; orra or zuzen zuzena iturburua erakutsi. Egarri zaudenean bazoaz iturri batera; an ere etzera ari beti edan eta edan, aspertuko baitziñake. Aski edan ondoren, eseritzen zera, goxo itxedonez, ingurueri begira, naiz ur-xirrixtak egiten dun zurrumurrua entzunez. Ur garbi ori fedearekin alderatu zun gure Iaunak Berak Ebangelioan: «Ni siñesten naunari, bere sabeletik zeruraiño iauzi egiten dun iturri bizia sortuko zaio». Eta: «nere uretik edaten duna ez da geiago egarrituko». Nola egarritu iturburua bere barrenean daukana? «Pestaburu azken-egun aundian au ziagon Iesusek oiuka: Ni siñesten naunari, sabeletik zeruraiñoko ur-bizi iturria sortuko zaio. Ua siñesteagatik artuko zuten Gogo Gurenarengaz esan zien». Siñeste argitsu ori azkarrerazi! Ortatik datorren pozak ederki asetzen du, ta ez du beiñere aspertzen. Nola iraun nik ere —esan zunan— oinbeste ordu, egun eta urte, eta nekerik gabe?

       N.— Orrela bizi zaitezke —nik—, mundu ontan oin luzaro egon bear eta ere. Au nik esatean, itzali egin zinan nere begietatik, eta siñistearen argi biguin orren irrikaz utzi nindunan.

 

 

VIII

QUIETISTA'EN AUZIA ETA

 

       N.— Biaramonean berri on batek io nindunan: egunero, goizeko lauretan ba-nula gurdi ariña Mezara ioateko.

       D.— Ez al da goizegi?

       N.— Orduko naiko lo egiñik niagon, gaueko zortziretan etziten bainaiz. Zortzi ordu eder lotarako, ta bazkalondoan ere beste ordubete. Lau kilometro zeudin aldapa gora. Onontzakoan oiñez etorriko nintzala, bada, eguzkia iekitzen ikusiz; aldapa bera ikatz zakua ere iuan baititeke, gurean esan oi dana.

       Bosko'tarren Ikastetxe bat zegon mendi galdor batean, zoragarri itsaso legorretara begi-bitarte zabalarekin. Espuru ez ezen, Zotzune baiño garaiago ageri yun bekokia; ni bizi naizaneko zokoa baiñon argiago. Zer Tabor mendi liluragarria! Lenengo Meza entzunik, ba-nentorrenan etxera, beiak ietzi ordurako. Errege-bidera atera nintzaneko, mintzo bat nere eskuiñean, —ez bainun iñor ikusten— mintzo ezaguna: gure Iainkozko gizonarena.

       El.— Egun on Iainkoak.

       N.— Bai zuri ere.

       El.— Ioaki?

       N.— Bai, Iauna, bai —nik—. Zu ere ibilki?

       El.— Bai ni ere —arek—. Pausoa lasai ematen duzu, esan zidanan, eta nik: Oraintxe ari nintzan nere buruarekin Dabid'en ua iraultzen: «Oinpean bidea zabaldu didazu, ta nere orpoak ez dira koloka».

       El.— Esan liteke; aurpegira ere lasaitasuna baitarizu.

       N.— Ez zan goizegi! Ibili ditut maiz aski bidexka estuak, alde batera amiltokia dutala. Bide extuak oin-urratsa ere extua eskatzen du; zangoak kakotzen dira, oiñak kizkurtzen, larru azala zilborrerantza biltzen, gorputz osoan erorikara sortzen da. Baiñan azpiko bidexka zabaltzen dan bezain laister, batez ere oiñek bide lasaia atzematen dutenean, zangoak luzatu egiten dira, lengo kakotasuna utzirik, urratsa ere zabalago arkitzen, eta bular-inguruan alako lasaitasun bat sumatzen da, esan baititeke bide ua Iainkoaren bidea dala: bidea bera oinpean zabaltzen zaigula.

       El.— Ederki auznartu dituzu Dabid'en itz oriek.

       N.— Alakoak baitira! —nik—. Oraintxe belaunak etzaizkit aultzen, oiñak ez kolokatzen, ez naiz irrixtatzen aldapa labainean bezala. Iainkoak egin ditan mesede berri onen ondorioa. Ez nengon aisa! Nere lan au bukatzean nora io otedezaket? —ari nintzan— eta, orain ez daukat ezeren kezkarik. Beti kolko-zimur ni Iainkoarekin, beti lasa-gaitz. Etorri zaida zabal-garaia ere.

       Eta zu, esan nionan, nondik eldu zakigu?

       El.— Tabor menditik —arek—, an egoten bainaiz eskuarki.

       N.— Nik ere maiz dut gogoan mendi eder ua, begiz ikusi ezik ere. Gure errian ikusi baininduzun lenbizikoz? Muño ua nun lenago Tabor Txiki; orain Ayagualo au aundiagoa. Egiazko Tabor pozik ikusi nezake. Noizbait sosik bildu ba'neza, ara agertu bat egiteko asmoetan nago, Oliamendi ta Golgota aztu gabe. Zu noiznai eramaten zaitu Aingeruak. Esazu —nik oraino— zeintzuk mendi dituzu maiteenik?

       El.— Golgota'rekin Tabor —arek— eta gero Horeb edo Sinai, ta Karmel-gain.

       N.— Zergatik Horeb eta Karmelgain? Horeb'en asi bainintzan Iainkoa zerbatit sumatzen. Karmel mendi, berriz, otoitzean aurrera ari nintzala neri gerta-gauzetaz oroipen atsegiñak baititut.

       N.— Ederki nekatuko zinan —nik— berrogei gau egun aietako txango artan, sutopil eta ur utsarekin! Bearrik bi loaldi aundi ian aurrean eta ondorean! Bidean ere etzingo zinan an emenka, loaldi ederrak egiñez.

       El.— Bearko. Artean ez bainan Aingerurik, iasoka eraman nindezan.

       N.— Mendi ori ere ikusi nai nuke, an itzegin baitzion Iainkoak Moise'ri, an zuri ta ainbeste bakar zaleri. Bidez usu xamar nindoanan eta, «bizkor zoaz» esan zidanan gure gizonak, «oraindik sasoi onean zaude».

       N.— Ala diote —nik-; baiña zuk askoz gazte itxura obea daukazu. Lengoetan ikusi zindutanean etzenun beintzat belarri ertzetan ille latzik ageri. Gizon illezu izanak etzaitu berez batere gaztetzen; bainan aurpegia legun daukazu, begiak azal, esku-zaiñak etzaizkizu nabarmentzen. Bizitxo noa bidean, beiak iezten asi ordurako etxean egon nai bainuke. Eguzkia agertzean asi zinan, eta «zenbat eguzki ikusi dituzu onezkero ateratzen» —nik—. Bideko zugatz eta mendi ta muñoetaz mintzo, iritxi gatxin etxera. Zaude, esan nionan, gure baratzan, guk beiak ietzi ta nik gosaldu arteo. Ba dauzkazu or naranja ederrik. Zugatzera igotzen etzaizu neke, nerau ere igotzen bainaiz bertatik iateko. Orrela, bada, nere lana egin ondoren, gosaria artu yunat: limoi bat, naranja bat, eta talo esneak eztiarekin. Gosaria bukaturik, ateratzen naun edo sartzen naun baratzera. Ordun agertu zitzaidanan gorputz eta guzi, txoko artan ez baita iñor ibiltzen ikusi lezakenik. Asi gatxin, bada, izketan gure txoritokian.

       N.— Ordu da noizbait ere —nik— zuri bigarren galdera aundia egin dezaizudan. Iesukristo nola zaigu argi otoitzaldian? eragozpen zaigula ere asmatu baitzuten egonzale alper edo quietista aiek?

       El.— Ebangelio'tik —arek— au dakigu: «iñor ez doa aitagana, ni bide ez ba'nau». Ta beste ua: «Pilipe, Ni ikusten naunak Aita ere ikusten du». Otoitz bikaiñean Aita dugu azken-muga. Ederki zuen Loiola'k zurubi egiñez, Ama otoizten du lenik Semearekin bitarteko; Semea urrenik Aitarekin bitarteko bakarra, «unus mediator»; Aitak ez dio iñori erregutzen, San Agustiñ'ek diona. Nola asmatu zuten, bada, Aitagana bide ortan Kristoren, Gizatasuna eragozpen zitzaigula?

       Auzi au gaizki ezarria da, ta ezin ondo garbitu. Lenbizi artan, ori burura zitzaionak etzun ori esan nai izan; gero etorri ziranak okertu zuten aren aburua. Aurrenik, au buruan artu ongi: gizatasuna bat dala ta giza-eite edo itxura besterik dala. Lenengo gizagaxo arek esan nai zuna au da: edozein aurpegi, eite edo itxura idurimenaren nekagarri zaigula, norbaitetaz luzaro oroitzen egoteko. Edozeiñi gertatzen zaio. Gogoemazu ama bat: semea gudara eraman diote, ta bear ba'da, an, il zaio. Ama orrek bere semea gogoan dauka ordu oro ta une oro, egun eta gau, loa galtzen dun guzian. Iduri al zaizu ama orrek bere semearen aurpegia ordu oro ta une oro begi-oroiz gogoratzen dula? Askotan atertzen eta itzaltzen zaio semearen aurpegia. Ala ere, nork esan semeaz une oro oroitzen ez danik? Artaz oroitzen egotea ez da begiz bezala gogoratzen egotea. Ezin ditekena ere da; burutik egiteko litzake, nekearen nekez. Nai ta ere, semearen oroipena ezin aterrerazi du emazte arek, idurimenean aurpegia itzali ba lekio ere. Biotzean alako azta edo pisu bat, min sogor bat, esan oi dugunez naigabe bat sortzen zaio, ta arek dauka mendean, ukitu bezalako baten bidez. Semearengaz eman zioten berri txarra belarrietan berritzen du, ta itz aiek berritzen ez ba'ditu ere, aien oiartzuna datorkio; edota oiartzun ori itzalirik ere, ondoren ixiltasun naigabezko ua gelditzen zaio. Entzun-oroitzea bera galdu ba'leza ere, biotz-ukituaren oroitzea gelditzen zaio. Nork esan, beraz, biozmin ori daukan bitartean semeaz oroitzen ari ez danik edo oroipena atertzen zaionik? Begi-oroiz eta belarri-oroiz ez ba'da ere, uki-oroiz semearekin dago, arengatik negar egiten eta ua maitatzen. Beraz, quietista'en aurreko arek au esan nai izan zun: norbaitetaz oroitzen luzaro egoteko, aren aurpegia begi-oroimenean idukitzeak galarazi egiten dula; ez Kristorenak Kristorena dalako. Gure idurimena zaigu kalte emen; besterik ez.

       Aurpegia ta eitea bat dirala esan, dizut, eta Gizatasuna besterik dala. Ez al dago Kristoren Gizatasuna aldarean giza-itxurarik gabe? Zer kalte egin dezaioke orrek gure idurimenari? Gizon batetaz oroitzeko aren aurpegia ikusi bearra al daukagu naiz begiz naiz begi-iduriz? Ni begiz ez ikusiak galarazi al dizu nerekin iarduna, bide ortan gentozela?

       N.— Zuri begira enaiz asko nekatu beñipein. Ez neukan burua itzuli bearrik eta lepoa nekatzerik.

       El.— Apostolueri aldegin ziela —arek— zerura igo zanean? Aren itxurak bai, Gizatasunak osotara ez; an baitzeukaten nai zutenean sagarako itzen bidez. Beraz, bego ondo ezarririk, Gizatasuna ez ditekela eragozpen; Kristorena. Ez guretzat ere, ikusi dugunontzat; ezago zuenzat, ikusi ez duzutenontzat.

       N.— Eta nik; zergatik dio alaba Teresak otoitzean aurreratueri gertatzen omen zaiela eragozpen ori, edo ala diotela beintzat?

       El.— Asi-berrieri bai —arek— oker uste baitute, Kristoz oroitzea ta Aren aurpegiz oroitzea bat dirala. Aurreratueri etzaie olakorik gertatzen; ez beintzat otoitz bikaiñera iritxi diraneri. Au ikusi, ori ikusi, au iduritu, bestea iduritu, zernai pasa ditela aien begien aurretik eta zentzuen aurretik, naiz idurimenetik, aiek Iainkoaz maitaro oroitzen ari dira.

       N.— Ederki adierazi didazu, Iauna, —nik—.

       D.— Bai, mutil, guri etzaizkiguk beintzat —oin garbi mintzatu.

       N.— Aurrera, iauna, esan nionan; eragozpen ez dala argiratu didazun bezala, otoitzaldian Iesukristoren Gizatasuna laguntza zaigula tipildu bear didazu.

 

 

LOIOLA MAISUEN MAISU

 

       El.— Iesukristoren itzekin berekin aski bear genuke —arek-; baiña nai zenukena au da, otoitzean nola moldatuko geran, laguntza ortaz baliatzeko.

       N.— Ori da ain zuzen —nik—.

       El.— Ontan zuen Loiola da maisuen maisu. Berekin artzen ditu, eta gaiñagotik, Ioanes eta Teresa, bere bi gertaerazte esan dezaikegun oiekin.

       N.— Ba-dantzut, iauna.

       El.— Tokia moldatzea edo gertaraa berritzea esan oi zitzaion ua baiño lenagotik. Arek Kartusiano'rengandik ikasi zun; baiña bere antzera taiutu.

       N.— Toki onean sartu zakigu! —nik—. Ez al dakizu nola ieki zaizkion gertaberritze ori dala-ta?

       El.— Buruan, ongi artu ez dutelako —arek—. Goazen astiro. Otoitz bikaiñenaren izate guzia ontan dago: «berekin gauzkan Iainkoa siñestez eta maitaro gogoratzen». Ez dugu arrazoiketan burua nekatu bear eta iduriketan ere ez. Ageri ez dan Iainkoa siñestez gogora dezakegu idurimenaren nekerik bage —Iainkoak ez baitu iduririk—.; ortan luzaro irauten lanak, geron alegiñez beintzat. Agertu zaigun Iainkoa, Iainko-Gizon Iesukristo (Iainko Berbera zer-izanez eta Norizanez, baiña gorputz animaz gizon), neke pixka dugu asieran atergabe gogoratzen, biziro ta zearo iduritara nai ba'dugu, beintzat, begi-oroiz. Baiñan, esana dutanez, iduripen ori itzaliko zaigu, otoitzaldi luzean, eta etzaigu eragozpen izango Iainko-gizon dan, Iainko artaz maitaro oroitzen egoteko. Izan ere gizon danez nortasunik ez du; nortasun ori Iainkoaren bigarrena du, eta Florentiko Eliz-batzarreak erabaki zunez, Aita Semeagan dago osorik eta Gogo Gurena Semeagan dago osorik. Orobat esan beste Nortzuetaz. «Aita ta Ni bat gera», esan zigun Berak. Iainko danez eta nortasunez, nonai dago, orotan dago. Egia da Gizon orrengan Iainko osoa bete betean dagola «omnis plenitudo divinitatis»; ez dula gaiñez egiten, esateko moduan; baiña beste aldera, gaiñez egiten bezala du, eta Eukaristia gure barnean ez daukagula ere, Aren Nor-izana gugan daukagu, edo obeki esan, berekin gauzka. Beraz, Bigarren Persona orrengana ongi irixten ba'gera, Aitagana iritxirik gaude. Eta Aitarengaz baiño Semearengaz asko geiago entzunik gaudelako, Ebangelio ta abar, Semearen bidez Aitagana sartzen errezago zaigu, idurimen txatxu au baztarrean, uzten ba'dugu.

       Noan orain bi gertarazte oriek adieraztera. Ageri ez dan Iainko ori ez da gerta-gauza; baiña guk nolabait gerongan gertarazten dugula esan diteke, barrenez barren gauzkala oroitzean. Iainko izkutu ori guk gure oroimenean gertaraztea ipintzen du Loiolak otoitzaldian eginkizunik beiñena. «Otoi-lekua baiño bi edo iru urrats lenago, Pater noster esaten aiña denboraz, iaso dezagun gure ezagumena, Iainkoa begira daukagula oroituz, eta auspez iauretsi dezagun». Gertarazte au beiñere ez dala utzi bear dio egin gabe; egin dedila beti. Iakiña, otoitzaldi osoan atertu gabe, albait; bestela gaizki-azi batzuk giñake Iainkoa agoan itzarekin saietsean utziko ba'genu. Otoiz-gaia irauli gabe ere ordu osoan orrela egotea —maitaro alegia— zer otoitz oberik? Berak ere ola dio Loiolak: «egon bere artan, atsegin edo protxu zerbait arkitzen dutaño, aurrera-kezkarik gabe, ondo goxatu nadin arte».

       Ez dute bear aiña bereizten —iesuitek ere— gertarazte au —ageri ez dan Iainkoarena— ageri diran nortzuen gertarazte ortatik, naiz Iesukristo, naiz beste Santu batzuk dirala. «Composición de lugar visible e invisible» esan zien bieri, eta lenengo ori, irugarren oarkizun (tercera adición) ipiñi zigun. Bi gertarazte auek ongi iokatzean dago otoitz ixilaren izate guzia. Astiro ta luzaro adierazi bear diezu au.

       N.— Esazu; iauna, —nik—.

 

 

IOANES GURUTZEKO, TERESA

 

       Ioanes Gurutzeko'k bere liburuetan bi nor-aldi ditula esan genezake: bata gizon iakintsuarena, Karmel mendira igoera ta Animaren gau illuna deritzanetan; bestea, berari zer gertatu zitzaion dionarena. Lenbiziko bi liburuetan, Areopagitaren eta Domingo'tar alemanen bidetik doa, ots, «ageri ez dan Iainkoaz maitaro oroitzeko, ageri diran gauza guziak ukatu bear dirala, ta gure oroimena aietaz guzietaz erantzi». Oso ederki; baiñan orrialde luze aietan guzietan bein bakarrik aipatzen du Kristo gure Iauna. Beste bi liburuetan, ots, «Animaren eta Kristo laztanaren artean maite-leloak» eta «Maite sugar bizia» deritzaienetan beste bidetik doa aldioro. Teresa'k bide bakarra du: «Kristoren Gizatasuna, Beraren Iainkotasunera irixteko». Agertu zitzaigun Kristo'ren bidez, ageri ez dan Iainkoagana; Kristo ortan, ageri etzaigun Iainkotasunera, ta bide batez Aitagana.

       Loiolak bi bide oriek batean artzen ditu. Amaren eta Semearen bidez Aitagana (bere betiko leloa), ta beti Iesukristorekin, Aren «itzalean bezala». Orregatik, bi gertarazte oiek (ageri ez dan Aitarena ta agertu zan Semearena) batera biurtzen ditu, batean iokarazten ditu. Otoitzaldian Kristoren Gizatasuna (ez itxura) Iainko bezala biurtzen zaio bere oroimenean. Gizatasun ori bere barnean gertarazte ortan, ikastunik oberena Teresa du Inaziok, zearo ikusiko dugunez. Loiolak kristau zintzoari bi giltz ematen ditio: Iainko soila bere barnean gertaraztea ta Giza-Iainko orren Gizatasuna bere barnean gertaraztea. Baiñan otoitz bikaiñera irixtean, bi giltz oriek bat egiten dute.

       N.— Eta zuk —galdegin nionan—, Kristo Tabor'en ikusi ondoan, nola bateratzen dituzu bi gertarazte oriek?

       El.— Eta, esan dizut len ere alde aldera: nik Tabor'en Kristo «zeru eder egiñik» ikusi nun ezkero, Arekin asten dut otoitzaldia, iñoiz nere burua otoitzetik aterturik atzematen ba'dut. Iakiña, ordu osoetan ez dezake nere idurimenak bizi bizi iduki an ikusi zun Kristo Aren itxura; beraz, itzaltzen bezala zaio, urtzen bezala zaio. Nola esan nezake nik?

       N.— Ba-nago —nik—.

       Gizatasun ua aingeruki, obeki esan Iainkoki uts eta garbi bezala biurtzen zaio nere idurimenari, ta neke ordez aringarri zaio; eragozpen ordez laguntza aundi. Ez argi, ez margo, ez mintzo, ixiltasun paketsuan, nere oroimenak ondasun bat, osasun bat gogoratzen du maitaro: gure betiko Osasuna.

       N.— Ontan arrebak eskuak antxumatu zitun eta arnas aundi bat atera, lurrera begiratuz. Eta Iesus! eratxiki.

       N.— Ixillaldi labur baten ondoren, ola iarraitu genun.

       El.— Gaiñera, esan zunan, eta barkatu gauzak berritzea buruan obeki sar ditezen, Gizatasun ori aldarean itxurarik gabe dagola esan baitizut; beraz, norbaitek bere barnean Iaun ori egitan artzen dunean, giza-itxurarik ez du ikusten; beraz gogoz artzen dunean ezin gertarazi itxurarekin. Ba-dira ontatik otoizbide egokia artzen dutenak. Aldareko Iaun ori berengana deitzen dute, berengan gertarazten dute, ta orrela, idurimenaren neke gabe, Iainko-oroitze maitetsu ortara sartzen dira ta ortan luzaro egoten. Iauna gogoz artze au ez da ortik onerako edo nolanaiko debozio bat; zenbait kristauek otoizbide bezala erabiltzen dute ta laguntza aundia da.

       N.— Ederki argira duzu —nik— Gizatasun ori eragozpen ez-baina laguntza aundi zaigula. Ederki bereizi dituzu Gizatasuna ta giza-itxura; ta batez ere, bai egoki, Loiolaren gertarazte bikoitz ori: Iainko soillarena ta Giza-Iainkaorena. Biak erara daudela ta ez diotela elkarri galarazten. Funtsean gure idurimena dugula eragozpenik aundiena Kristoren Gizatasunaz baliatzeko.

       El.— Lena berriz esan berriro —arek-: aldareko Iauna gure baitara ekarri nai dugunean, gorputz anima ta Iainkotasun ekartzen dugu, egia; baiña lendanik ere, gerongan geneukan Beraren Iainkotasuna, Giza-Iainko orrek ez baitu Irutasuneko bigarrena beste Nor'kirik. Beraz, Norbait ori nonai dago, ta beste bi Nortzuekin batean guregan daukagu beti, edo beregan gauzka. Beraz, len esan bezala, ederki balia gaitezke Giza-Iainko ontaz, berri geiago ikasi baitugu Aitaz eta Gogo Gurenaz baiño.

       N.— Ortaz —nik— bigarren Nordan ori beti gurekin baldin ba'daukagu, zertako gertarazi gugan gorputz anima oriek santuenik dirala ere, Iainkotasuna baiño gutxiago baitira?

       El.— Quietista bat eta lilluratu bat (alumbrado) ola mintza litezke. Beraz, bigarren Iainko-Nor ori, ots, Giza-Iainko ortan geienik dana beti gurekin daukagun ezkero, esan, ere liteke: gorputz odol anima oriek zertako artu urteoro gure barnean ianari bezala? Urrunegi zoaz arrazoiketan, ots, bertanegi gelditzen zera. Iaunak Berak esana digu ta Elizak Arekin: «Gizasemearen aragia iaten eta odola edaten ez ba'duzute, ez duzute zuengan bizirik». Iaunak Berak nai du bere gorputz animen bidez Iainkotasuna gugan areago erraiñutu dedin, naiz egitan naiz gogo utsez barnean artzen dugula.

       N.— Poliki atzeman nauzu —nik-; baiñan aldare aurrean gaudelarik bi gertarazte oriek ezin bateratu ba'ditugu, ots, Sagrarioan itxirik dagon Iainko-Gizon ori ta gure barnean daukagun Beraren Nortasun ori batean bezala oroitu ezin ba'ditugu, nola iokatu?

       El.— Aldarekoari so egin, beintzat. Iainkoa utzi Iainkoa artu orde. Gorputz aren barnean Iainko osoa dago gaiñez egin gabe; baiña beste aldera gaiñez egiten bezala du, esan dizudana, Nor-dan ori berori guregan baitaukagu. Ustai bezalako bat ipintzen digu idurimenak aldarearen eta gure tartean. Ustai ori etenerazi dezagun. Nola? Bi gertarazte oriek bat egiñez. Barnean daukagun Iainko soila ta aldarean dagona ez dira bi Iainko. Bat bakarra da, ta bakarra bezala ikusi dezakegu, Sagrarioan dagon Norbait ori ta guregan daukaguna Bera dala iakitearekin. Iainko ori, Norbait danez, bigarrena ar dezagun, beste biak berengan dauzkala iakinki. Or giltza bakarra: Gizatasunetik Nortasunera, ta Semearen Nortasun ortatik Iainko soillarenera, Aitarenera.

       N.— Korapilloa ederki askatu didazu. Baizik ere, —nik— gure alegiñez utsez eta ortik onerako grazi baten bidez ez gaitezkela luzaro ortan egon.

       El.— Aurrenean neke da, baiña Iainkoaren laguntzarekin eragozpen ori kenduko zaigu. Idurimenaren marrak itzalirik —or ez digu beintzat gorputz-itxurak eragozten— Iainko osoa batean gertatuko zaigu, atertu gabe artaz oroitzen egoteko; bai biotzean ere, maita ta maita iarduteko.

       Iakiña, Iainkoak bere grazi oso bereizi batez Bera oroitaraziz eta maitaraziz gauzkanean ere, noizik bein, aurrenetan beintzat, eragintxo bat eskatu dezaiguke aurrenetan. Ez da geiegi zirikatu bear oroimena, kaltegarri bailitzake; baiña zenbait aldiz bakoitzak ezagutzen du garbi noiz eragin bear zaion. Ala-nola baten bidez ulertuko duzu. Mutiko gaxte bat ez da berez gauza balantzako ezkil aundi bat bakarrik iraultzeko edo asiera emateko: baiña ba-dator gizon bizkor bat, eta ezkila ziztu aundian ipintzen du. Iñork ez eragitearekin pixkanaka pixkanaka gelditu egiten da: baiña ziztuan doala mutiko gazteak noizbeinka eragin ba'dezaio ez da gelditzen, edota luzaroago irauten du. Alare Iainkoak zenbait aldiz gu ere otoitzean ola iokatzea nai du.

       D.— Zertako ez ote dizkidate gauza auek neri ola adierazi!

       N.— Geiegi luzatu ez gaitezen, utzi dezagun biarko. Biar iarraituko yunagu berriketa au.

 

 

ASI BERRIAN. (HOREB MENDI)

 

       N.— Opela iarraitu zunan bere iarduna.

       «Nik asi berri artan, Horeb gaiñean, neke puxka ba-nizun Iainkoaz atertu gabe oroitzen, ots, Iainkoa nere oroimenean beti gertarazten —ala esan— Bera maitatzen atertu gabe iarduteko. Begiak ixten nitun; San Agustiñ aundiak ere —len esan nizuna— ez omen zun arkitzen iñon Iainkoa bere oroimenean bezain ongi. Nere belarri-oroimenak laguntzen zidan geienik, arako dakizun txixtu legun arek. Alaxe igaro oi nitun ordu osoak. Laguntza aundi bat palta zitzaidan. Ba-nekin Etortzeko zanaren berri Ua iragartzen bainun ain zuzen-; baiñan ez nun entzun Aren Berri Ona; ez nun entzun batez ere Pater Noster'a, ori baiña asi-berrien eta bikainduen ere otoitzik oberena. Gogora etzazu Loiolaren «Iru otoizkera» aiek, batez bat Gure Aita auznartzeko modu ua. Non ikasi zun alaba Teresak itz oriek astiro ematen? Non ikasi itz oriek banaka ez ezen, irakasten zitun Maisua gogoematen? Irakurri etzazu bi santuak gai ontan. Non ikasi zun —eta ontara nindoan— Kristo gure Iauna bere barnean gertarazten? Besterik izan al da sekulan Teresaren otoitza?

       N.— Esasu, arren —nik— zer da barnean gertarazte ori? Bere izkuntzan onela esaten du maiz: «representar dentro de mí a Cristo nuestro Señor». Bitara artu diteke representar ori: iduritara ekartzea, eta iduririk gabe oroimenean gertaraztea. Ez dago dudarik bigarren alde ontara artzen dula geienetan. Iesukristo gure barnean gertarazi egin bear dugu, ez iduritaraku, ez figurarse, imaginar. Eman dezagun ama bat aurra erditzean il zala, ta aur ori bizi dala. Kozkortzean bere amaz mintzatuko zaizkio. Idurimenez, begi-iduriz beinzat, ez daki amaren berri; baiñan ama ori nolabait gertarazten du bere barrnean. Lagunen ama on asko ikusiz, amatasunaren berri ba-du, ots, aren beraganako maitasunaren berri. Orobatsu, Iesukristoren aurpegi edo eitea ikusi ez dunak ez du begiz bezala oroituko, ez du iduritarako, ez ta bearrik ere; baiña beste gizon on batzuen berri ba-du, eta Iainko-Seme txit onaren berri ere bai Ebangeliotik. San Agustiñek Iainko soillaz diona, ots, gugan gertarazi dezakegula nolabait ontasun aundi bat edo zugurtasun aundi bat bezala, egin dezagun berori Kristoren Gizatasunarekin. Begiz bezala oroitu-nai ori alde batera utzirik, gure betiko Osasun eta Optasun bezala oroitu. Orrela ez du eragozpenik gure idurimenak, ez du nekerik Artaz maitaro oroitzeko, begiz oroitu-nai kaltegarri ori gabe. Gertarazi ez da iduritu; bir-gertarazi ez da bir-iduritu. Erderaz esan, presencia no es figura, ni representación (represencia) es tampoco refigura.

       N.— Orain ikusten dut argi Iesukristoren Gizatasuna etzaigula kaltegarri otoitzean, Iaun aundi ori, Ontasun aundi ori atertu gabe maitaro gogoratzeko; Beraren giza-eitea begi-oroiz gertarazi nai izatea, bai, eta ori ere, Beraren erru ez-baiña gure idurimen ikus-naieko onena da. Ikusmin geiegiak galtzen gaitu, naiz egiazko begiz, naiz iduri-begiz.

       Galdegin nionan oraino: Gizatasun ori otoitzean laguntza dugula ere garbi ikusi nai nuke.

       El.— Horeb gainean nengola, illunpean bezala sumatzen nun nik Etortzeko zan Mesias ori. Ori iragartzen genun iragarleok: ori zala errien eta gizonen osasuna, ondasuna, ta mugarik gabeko ontasuna. Zatoz Iauna; ari giñan beti. Zeruek intzez, odeiek euriz iñotsi bezate zintzoa; ideki bedi lurra ta erne beza gure Osasuna. Onenganako itxaropen ori maitaro oroitzea genun otoitz aundi. Gure itxaropen bakarra, bai; beste iñorengan ez baitugu osasunik. Itxaropena bera ezin dukegu begiz ikusi, ez begiz oroitu, ez baitu ertzik eta margorik; baiña gure barnean gertarazi dezakegu.

       Teresak beti Maisua du agotan, Iainko-gizona. Au esaten die aizpautxi ditun seroreri, Iainkoak ago-otoitzean atsedena eman dezaiekela adieraztean «Errezo luzeak egiñez, asko itzegiñez obeki ari dirala iduri zaie, ta ez dute ikusten eskuetara ematen dien erreinu ori. Ez egin olakorik, aurrak, —dio—. Zaudete ernai Iaunak atseden, au noiz ematen dizuen. Ondasun aundi bat galtzen duzute. Noizean bein Pater Noster'eko itz bakar bat esatearekin obeki ari zerate, arnaska ta askotan Pater osoa berritzearekin baiño. Zagozkiote ondo ondoan eskatzen ari zaizkioten Ari, ta ez dizue ez-entzun egingo». Olako atseden ortan da Aren izena ospatzea ta gorestea». Au eratxikitzen die: agozko otoitzean, itzeri baiñon oartuago egon ditekela Iainkoaki.

       Ederki erakutsi zun Loiolak, arnasa neurri dala, Pater'eko itzak astiro esaten eta auznartzen. Ongi gogoeman, naiz itz bakoitza, naiz nori esaten zaion, naiz nork erakusten dizkigun. Zenbatek eta zenbatek dute au otoitzik bikaiñena! Asieran ez-ezen, geroan ere. Itz bakarka astiro auznartuz nik ordu osoak ematen ditut orain ere. Egoki dio Loiolak, ordu betean Pater osoa irauli ez duna, urrengo orduan, azkena utzi zun itzetik asi ditela, baiñan aurrekoak labur berrituz. Nonbait berak atseden artzen zun ortan, eta beste askok ere bai.

       N.— Ba-dira, esan nionan, agozko otoitza aintzat artzen ez duten zenbait ere.

       El.— Oker ari dira olako oriek —arek—. Agoz mintzatzeak eta Iainkoarekin mintzatzeak nola galarazi lezake Iainko ortaz maitaro oroitzea? Otoitzean ari dana xoxoturik egon bear al du arnasik atera gabe ta kordea galduz? Geroago ortaz.

       Asiberrien otoitza erakustean au dio Teresak: «Otoizkera oni barnera-naia esaten zaio, gure ezagumen guziak barnera biltzen baititu, ta gure barnean sartzen gera Iainkoarekin.

       Onela Iainko-Maisu onek lenago ematen dio beste iñola baiño». Ta beste nonbait: «gertarazi ezazute Kristo zeurokin batean. Onela sartzen da anima bere barnean Iainkoarekin».

       Ioanes Gurutzeko ere, asiberrien otoitz ontaz mintzo dala, bein Kristoz oroitzen da Karmel mendira igoera artan, eta gauza bitxia, Loiolaren itzekin berekin: «Gauza guzietan Kristoren antza artzen irrikatu bedi, Aren biziaren ariora, egiñenak Arek bezala egiten ikasteko». Eta baitik bat, beste itz auekin: «Egiñen guzietan eta bakoitzean, ioka bedi, Iauna Bera ioka ledin erara». Esanik utzi baitzun Loiolak: Kristauak, iaten ari dan bitartean, gogoeman beza, Iesukristo begira daukala; nola edaten, nola begiratzen, nola itzegiten dun, eta albait, antzera egin beza. Adimena launari begokio geienik eta ianari gutxienik». Berau Teresak ere: «Egin detzagun gauza guziak Iaun aundi au begira geneukan gisan. Bide ortatik ioanez, animak asko irabazten du». Egia, Loiola'k bere itz oriek Kartusiano'rengandik artu zitun; baiña Teresak eta Ioanes'ek bear ba'da Loiolarengandik, aren Gogo-iardunak egin baitzituten.

       Iainko-oroitze maitetsu au geron alegiñez iritxi dezakegula dio Teresak aldez aldez; baiñan ez dugula merezi Iainkoak ematen ez ba digu.

       N.— Uste al duzu —nik— Iainkoaren ixuri bereiziagorik gabe norbait egon ditekela Iainko-oroitze maitetsu ortan atertu gabe, esaterako ordubete?

       El.— Baietz iduri zait —arek-; askotan ez baitaukagu iakiterik bakoitzaren alegiñezkoa non bukatzen dan eta Iainkoaren ixuri utsezkoa non asten dan. Saia gaitezen, beintzat al dugula. Gogoan daukazu Olako 1936' garren urtean?

       N.— Iñolaz ere —nik—.

       El.— Lau ordu osoak egiten zitun aldareko Iaunaren aurrean oroitze maitetsu ortan unetxorik ere atertu gabe; ala ere etzitzaion iduri otoitz ua Iainkoaren ixurizko esaten zaion ua zanik.

       D.— Nor zan ori, mutil, esan al ba'diteke? —arrebak—.

       N.— Eta........ —nik—.

       El.— Beraz —arek— onela iarraitzen du Teresak: «Gertarazi ezazute Iauna Bera zuen ondoan, eta ikus zein maitaro ta umilkiro ari zaizuen Gure Aita irakasten, Etzaudetela, albait, adiskide on au gabe». Eta oraino: «Iesukristo nere barnean gertarazten nun, albait, eta egokiago zetorkidan baltarrago nenkusan tokietan. Bakarrik eta naigabetan zegolarik, bere ondoan artuko nindula iduri zitzaidan, bearretan dagonak laguna bezala. Txoro-uste auetatik asko nitun. Batez ere Baratzako otoitzean arkitzen nintzan ederki. An, bai, lagun egiten niola! Odol-izerdi ta naigabe ua gogoan iraultzen nitun. Albait, izerdi nekagarri ua txukatu nai nion; baiñan ez nintzan beiñere ausartzen, alakotzarrak baitziran, ustez, ene pekatuak». Nola ez ekarri gogora Loiolaren iarduera Iesusen iaiotza gogoematean? «...aieri lagun egitea, bertan ba'nengo bezala, nerau morroi arlote kaxkar biurtuz». Bertan ba'nengo bezala ori ere Kartusianorenetik artu zun: tamquam in praesenti fierent (facta); ac si praesens fuisses; ac si praesens esses, irutan gutxienik esaten du.

       Itz batean; nik Horeb mendian, ots, asiberrian, Etortzeko zana gogora nun nere otoitzaldietan len esan bezala; orain Tabor'en Etorritakoa, ikusi nuna; baiña nolako aurpegia zun iduritaratzen burua autsi gabe. Itzali bedi nai ba'du itxura; bego Gizatasuna; meatu bedi, argi biur bedi, itzungi bedi, Iainko-zirrara besterik uzten ez digula, Gizon eta Iainko batean urturik bezala. Teresak ederki ziona: adonde divino y humano junto es siempre su compañía.

 

 

IX

KARMEL-MENDI

(ARGIALDIAN)

 

Animaren gaiñezkaldi, egaldi, arrialdi... xoxoaldi.

 

       N.— Urrera, otoitzaldian gerta oi diran zenbat gertakizun bitxiri zer izena eman ari nintzala —neke baita, euskeraz bidea iñork urratu ez dun ezkero—, ona emen nere gizon ilezu, burubeltz, bizarbeltza, ezpaiñetan parra zeriola. — Emen zaitugu? —nik—.

       El.— Eta, bai, Karmel-menditik nator, An izan naiz nere argialdiko zenbait gauza berritzen, zuri obeki adierazteko. Aztu-garai ere ba-da, milaka urteak igaro diran ezkero; baiñan argialdi ontako zenbait gertakizun ezinaztuzko dira. Ontara arteko grazi guzietaz zalantza sartu diteke; baiñan auetako batzuetan ez da dudarik Teresak ere oartarazi zuna. Iakiña, ateka gaiztoak ba-dira sail ontan ere, deabrua sar'baititeke aingeru-antzean, sub angelo lucis. Deabru-argi onek liluratu zitun ainbeste iainkotiar nolabaiteko, izena lilurati ipiñi baitzien Espaiñian: «los alumbrados».

       Argialdi ontan gauza autemangarri bat gerta oi da: Iainkoa begiz bezala gertatzen zaigu. Iduritu au santurik geienak ukan dute, asi Dabidengandik eta, lenagotik eta oraingo egunotaraiño.

       N.— Baiña —nik—, ez al zenidan esan Iainkoa begiz bezala ikusinai ori kaltegarri zitzaigula otoitzean, belarriz bezala entzutea obe zala, ta ori, otoitz bikaiña bera ez-baiñan ari darion zerbait dala

       El.— Egia; baiñan autemazu, guk orrela Iainkoa gerok ikusinaia zaigula kaltegarri: Iainkoa begiz bezala gugan gertarazi nai izatea; ez, ordea, Bera guri begiz bezala gertatzea. Askotan otoitzean ez dezakegu garbi bereizi gerok ari geran ala Iainkoak ari gaitun; baiñan otoitz ontan bai; ez baikera gauza Aren begiratu ori gugana erakartzeko, ta buru-auste gogorra baikenuke, argialdi ontara iritxirik ere. Guk Iainkoa gugan gertaraztea bat da; Bera guri gertatzea beste bat. Geron alegiñezko otoitzaz ari giñan orduan; orain, ostera, Iainkoak bere ixuri bereizi batez ematen duna dugu iardun-gai.

       N.— Bai ta, bai ta, —erantzun nionan—.

       El.— Iainkoa guri begiz bezala gertatze ori —arek— egiazko otoitz bikaiñari dario ta au du ondorio: guk Ari maitaro begiratzea. Dakizunez, Dabid nonai mintzo da Iainkoak guri egiten digun begiratu ortaz. «Iainkoaren aurpegia, Iainkoaren begiak, Iainkoaren begiratua» ta abar, Egia, beste zentzuz bezala ere agertzen zaio: «nere belarriari poz eta atsegin eman diozu, ta nere ezur eroriak pozez dardaratuko dira; on zaida Iainkoaki itsastea; iasta zazute zein gozo dan Iauna»; baiña batez ere begiz bezala gertatzen zaigula esan dezakegu. Aren aita Salomon'ek bikainkiro «Zugurtasuna (Iainko-Semea) begiz gertatzen zaienek, begiratuz maite dute, zein aundi dan ezagutuz. Egizaleeri agertu oi zaie Iainkoa, ta Aren begiraturaiño irixten dira». Beste nonbait: «Bai doatsu zugur irauten dun gizola, Iainkoak bere begiratuz inguratzen duna!» Begiratu ori barne-muiñetaraiño sartzen zaio, ta orrek ematen dio Iainkoaren antza. Iainkoak gugana begiratze orek ITZA dula iturri dio Salomon'ek. Eta geroago: «Zugurtasun ori betiko argiaren zuritasun bat da, Iainko aundiaren ispilu itzalgabea ta Iainko onaren erraiñua». Semea, S. Paul'ek diona. Beraz, argialdi ontan ere, Iainko-Semea dugu otoitzean laguntzaile; Seme ori dugu Aitaren begiratua. Ederki dio Luis de Leon argitsuak: «Iainkoaren aurpegi au Kristo da, Aurpegi ortan agertu zaigu Iainkoa, ta ortan arkituko dugu. Bestetan bila dabilanak ez du arkituko». Beronek oso bikain: «Kristau bizia ematen digun grazia, Kristoren antz-ixuri bizi bat da; Kristok bere ordezko egin dun gauza bat; onek bizi gaitu; au dugu gidari ta buruzpide. Iainkotasun bezalako bat da; gure animan ezarririk, alderen alde erasaten du, Iainkotu dezan arte. Egi egitan, grazi au animaren anima da».

       Ioanes Gurutzeko'k au dio begiratu ortaz «Ikusi dezagun elkar, Maite, Zure edertasunean, nik Zure edertasun ori berrri artuz. Beraz, elkarri begira, bakoitzak bestearen edertasuna dezagun, biona Zure baita, ni Zure edertasunean murgildurik nagon ezkero. Ikusi zaitzat orrela Zure edertasumean, eta ikusi nazazu Zure edertasunean. Ni nerau Zugan arkituko naiz Zure edertasunean, eta Zu zerau nigan arkituko zera zeure edertasunean. Nadin Zure iduri Zure edertasunean; zaite zu nere iduri Zure edertasunean. Nere edertasuna Zure bedi ta Zurea nere. Orrela, ni Zu naiteke Zure edertasunean, eta Zu ni zaiteke Zure edertasunean; Zure edertasun bera baitut nik edertasun. Orrela ikusiko dugu elkar Zure edertasunean».

       Beraz, Kristoren eta animaren elkar-begiratze orrek egiten du, animetan Beraren antziduri ori, edertasun ori. Ioanes'ek or Semea du agotan: Maitea, Laztana, ITZA; maite-lelo aren iruzkin baitira itz oriek:

 

              «Zure begiek neri begira

              grazia zuten ezarri».

 

       Eta beste aiena:

 

              «Io ninduzun bein, begiratuaz,

              io nazazuke berritan;

              graziarekin edertasuna

              nigan utzi baitzenidan».

 

       Teresaz esan bearrik ez dago: bidealdi guzietan, lenengotik azkenengora Iainko-Gizonarekin doa Maisuarekin. Loiolak, berriz. Gogo-iardunetako bigarren asten «Bi Bandera» en otoitzaldia ipintzen du: ikurrin bat Kristorena, bestea Luziper'ena. An dago Kristo Ierusalengo zelaiean, eder zoragarri, pake-alkian eseria; an dago Luziper Babiloni'koan, eziñ egonez, su ta kei darion alkian. Pakea ta eziñegona dira Iainkoa ta deabrua ezagutzeko zantzurik seguruenak. Loiolak ipiñi zetzaken otoitzaldi orren azpialdean «Aingeru onaren eta Gaiztoaren ioerak ezagutzeko» arau aiek; baiña luzetxo lirakelako, liburuaren azkenagora bialdu zitun. Beraz, Kristo du argi Loiolak ere: Kristo, aur danetik ilda piztu zan arte, iru aste osoetan: eta bera kristau bizieran aur zanetik gizon eldu egin zan arte.

       Iainkoa begiz bezala ikuste ori amalau aldiz gutxienik aipatzen du Teresak. Santuak ere ola mintzo dira eskuarki; baiñan esanik utzi dizut, eta ez naiz aspertuko esaten, otoitz bikaiña bera ez-baiñan ari darion ondorio besterik ez dala ori. Nere ustez, idurimena sartu diteke or polikitxo ere, gure animaren begiok sumatu baitezakete Iainkoa zabalean bezala, naiz gu inguratuz bezala, Salomonek dionez; eta Iainkoak ez du luze-zabalik, ez ingururik. Oso ederki dio zuen Loiolak berrogei Mezaetako oarkizun aietan: «Meza ontan au ezagutzen, ikusten edo sumatzen nun, edo Iainkoak daki (Dominus scit).

       N.— Ontan nik galde-keiñu egin nionan, eta, «zer galdegin nai zenuke» esan zidanan. Nik, berriz: aztu baitoo len, zer esaten didazu Iainko-ikuste bezalako ortan itzalialdi batzuk gertatzen dirala naiz zentzuetan naiz adimenean? Oso nasi bainindun Teresak, garbi baitio lau aldiz ere, itzalialdi ori ez ba'dator, ez dala otoitz bikaiña: «Y si no, no es unión».

       El.— Garbi esaten du beste emezortzi aldiz ere, ikuste bezalatzea dala; ez ikuste ori atertzea. Nola ditezke bat, ikustea ta ez ikustea? Orduko eskolastikuek idaroki zioten aburu ori; baiñan, orren kontra bera iekitzen da anemenka. Berak otoitz ortan ikusten bezala zun ezkero, bitxi iduri zaio ikuste ori itzaltzea, askotan beintzat: «auntz-erdera dirudi» esaten du. Aburu galgarri au Tertulian'engandik gaurdaiño etorri da. Noizbait bear eta orain asi dira bestera. Ioanes'ek, orain laureun urte, garbi adierazi zun lau tokitan, itzalialdi orienik ez dala gertatzen otoitz bikaiñean; asi-berrtan aulaldiak dirala oriek, eta ez guzienak. Iainkoaren itzalialdia esan ba'lute, nonbait or, ezin begiratu baitiogu begiz begi eguzkiari ere bezala; bion tartean odei mee bat igarotze bezalako bat asmatu diteke; baiña gure zentzuenik eta adimenarenik, ez.

       N.— Pozik entzun netzake —nik— Ioanes'en itz oriek.

       El.— «Gaiñenera eldu ez diran auek, ez dezakete otoitzean Iainkoaren doai bizkorrik eta garairik iasan, gure zentzu maketsak dirala bide. Orregatik datoz olako korde-galtze, ezur-giltzen askatze ta bar. Auek gerta aldioro, doai oriek animari bakarrari gogoz gogo egiñak ez diralako gerta oi dira. Kristau bikaiñek, aldiz, gorputza garbi baitaukate, ez dute olako oiñazerik eta korde-galtzerik sumatzen». (Noche oscura del espiritu, I, 3.)

       Bigarrenez: «Itzalialdi auek etzaizkie gertatzen kristau bikaiñeri, otoitzean gaiñenera igorik baitaude. Asi berrieri gertatzen zaie ori». (Subida, Lib. III, cap. I, n. 3). Ez guzieri, esan bezala.

       Irugarrenez: «Bikaindu ez diranek ez titute zentzu-galtze oriek Iainkoaren ageraldietan, ots, aurreratzen ari diranek; gain-lerrora igoek, aldiz, Iainko-ixuri ori pake ta maite goxoan sumatzen dute». (Can. esp. XIII, 6).

       Laugarrenez, azkenik: «Ez dugu uste izan bear Iainko-agertze oriek bildurra ta auleria lagun gertatzen diranik; len esan dutana, argialdian santu-berri zenbaiti gerta oi zaizkie; gaiñenera iritxi diranei; aldiz, lagun eta goxo». (Noch. osc. esp. cap. I, n. 3).

       Ez da zugur burura ekartzea ere, betiko Osasun dugun Kristori olakorik gerta zitzaionik, naiz Beraren Ama paketsuari. Urmael batean, ura denik eta gutxiena igitu ba'ledi ere, berez geldi dagon eguzkia igitzen ere dala dirudi; baiña zuzentasunezko ispilu artan askoz geldiago ta garbiago ta bizkorrago erraiñutzen zan Iainkoaren begia, beste edozein sorkaritan baiño. Gogo Gurenak egin zion itzal santu artan ere ez dugu asmatu bear ikararik edo olakorik; bai ordea grazi aundi baten ukitu leguna. Belar izpirik meiena ere ez da makurtzen, ez igitzen, itzal ixila gaiñetik igaro dakionean.

 

 

ZENBAIT GERTAKIZUN NABARMEN

 

       N.— Eta, zer deritzazu —nik— agerkari, izketa, animaren gaiñezkaldi, egaldi, arrialdi ta olakoetaz?

       El.— Orduan arek: Iesukristo gure Iaunari ta Beraren Amari esker, ez naiz gai ortan gogorkiago mintzatuko. Iaunari Getsemani'n Aingeru bat agertu zitzaion indar ematera. Ama txit Santuari, berriz, Aingeru Gabirel. Agertu, ta guri agertu? Iesukristo gizon egiñik agertu zitzaiguna aski dugu. Guri itzegin? Iesukristo mintzatu zaiguna niakoa zaigu. Gaiñera, agertze oriek ez dute egiten santutasuna; bestela, Balaan'en astoa ere santu liteke; Aingerua agertu zitzaiola seguruago baita edozein santuri baiño, Iainkoak Berak bere liburuetan aitortzen dun ezkero. Korde-galtze, eta gaitzaldi orietaz ederki mintzatu zaigu Ioanes Gurutzeko.

       N.— Baiña, zer derizkiozu, esaterako, Iosepe Kupertino'ren gaiñezkaldi aietaz?

       El.— Aiengatik ez-baiña on-doaiak gaiñeneko lerreon zitulako aitortu zutela santu. Elizak ez du galdegiten zenbat ikuskari izan ditun, Urlia santu aitortzeko. Zenbaitek Iainkoaren doai esaten dieten oriek ote-otezko gauza dira. Geienetan ez diteke iakin Iainkoagandik ala deabruagandik ala gure idurimenetik ote datozen. Ote-otezko aburu bakar orren kontra, torizkizu lau seguru diranak:

       1) Gu geronez gerana, ots, gure etorrizkoa, graziak makaldu ez-baina bikaindu egiten du; gaitzaldi edo alditxar oiekin datorren grazia, barnean gertatzen da, guzien izkutuan eta norberaren izkutuan; au da egiazko mistika.

       2) Eginbide du praile batek korura agertzea, ta oben larriaren azpian apaiz batek Eliz-otoitza egunero, egitea. Ez da berriketa Txarraldi oiengatik korua etzukela utzi bear esan ba'liote, arrialdi oriek iñarrausi zituken, noski. Ori gertatzen da Iainkoaren grazia lagun dutela baldin ba'datoz; nagusiak agindu orduko beren baitara etorri oi dira.

       3) Nagusia bere aldetik bearturik zegon Ordenako arauak ari betearaztea.

       4) Gogo Gurena ez da bitxikerien eta aulkerien lagun; zentzu onaren lagun da, Beraren otoitzean esaten zaigunez. Ez desagun sena galdu. Fedea dugu egi ontan, ez zentzu utseginkorrek esaten digutena. Oinbeste liburu kaxkarrek kalte aundia egin dute gaiñezkaldi oietan santutasuna ipintzean.

       Zentzuen naiz adimenaren itzalialdi batzuetan ezarri dute otoitz bikaiñaren izate guzia. Beraz, nork bere alegiñez itzalialdi oriek beregana ekarri nai izateak zer egin du? Xoxoaldian erortzea, Teresak diona; alperkerian egotea, deabruari leku ematea. Neri etzaizkit ileak beiñere laztu (len latz askiak ba'ditut ere), ez, begiak zuringotu, ez dut korderik galdu, etzait ezurrik giltzetatik askatu.

       N.— Baiña —nik— nola sumatu zenun argialdian zeundela? esan baitidazu Karmel mendiz argatik oroitzen ziñala. Nola ezagutzen da eskuarki argialdi ori?

       El.— Ara —arek—; ba'liteke norbait argialdi ori beregan sumatu gabe ere otoitzik bikaiñenera igo izatea; baiña, nere ustez, geienak ontatik igaro dirala esango nuke. Neri onela gertatu zitzaidan

       Zenbait aldiz, Iainkoaren ontasuna gogoz iraultzean, batez ere Etortzekoagan itxaropena, naiz Liburu santuak irakurtzean, alako bat-bateko biotz-eragin batzuk sortzen zitzaizkidan; biotza punpaka asten zitzaidan oso nere batean nengola, ots, zentzuz eta dimenez beti ernai nindagola. Beste zenbait aldiz, begiak ixten zitzaizkidan, betazalak ikara, bekain-barnean ostotsa bezalako bat sumatzen nula; artatik malko pare bat, eta ola bukatzen zan eragiñ ori; besteetan zirrara bat buruan, Teresak ere diona, ziri-izar edo izar iges bat bezala; besteetan alako itonai bezalako batzuk, minutu laurden batez edo arnasa aldatzen zitzaidan ia eten arte. Zer ito-nai goxoak! Eriotza poz pozik artu liteke aietako batean. Eta denetan oberena, aien ondorioa, ots, Iainkoarentzat esker ona, ta neretzat umiltasunarekin pake aundia. Iainko-eragiñak dirala ezagutzeko au da zantzurik seguruena.

       Deabruak ere alako eragiñak itxuratu nai izaten ditu Aingeru antzean argialdi ontan; baiñan ez dira sosteko edo bat-bateko; ez dakarte esker onik eta umiltasunik; bai egiazko pake ordez eta biotzeko guritasunaren ordez, utsaldi aundia. Bear ba'da zalaparta puska batekin eta malko ugariekin; auek txukatu ezkero, uts utsala gelditzen da barrena.

       N.— Liburu Santuak irakurtzean zeintzu tokitan gertatu zitzaidan ori? —nik—.

       El.— Eta, mila tokitan —arek—. Guziak lumaz larmendu bear ba'nitu, orrialderik geienak beltxatu be-arko nituke. Itun zarrari dagokionez, batez ere Dabid irakurtzean «Zu zaitut Iainko; amaren sabeletik Zu zaitut nere Iainko; egigun negar sortuazi gaitun Iaunaren aurrean, Ua baitugu gure Iaun». Alperrik litzake iarraitzea. Bein esan, Salmuen orrialderik eta lerrorik geienetan. Itun Berriari dagokionez, Donibane'ren Ebangelioan geienak. Bi toki ditut ezin-utzizkoak. Ba-dakizu itsu iaio zana, Iaunak begietako argia eman baitzion, buruko argitasuna ere ez makala iudueri erantzuteko. Atal aren azken aldean beti gertatzen zait, orduan baiño legunago ta xamurrago: «Siñesten al duzu Iainkoaren Semea? — Nor da, Iauna, siñestsi dezadan? — Ikusia duzu, ta mintzo zaizun au duzu. — Siñesten dut, Iauna, ta auspez iauretsi zun».

       Urrena, iarraitu zunan, afalondoko itzaldian. Kristau guzientzat da mintzaldi bikaina; baiña, batez ere, gaiñenera igo diranentzat. Zer ur-geldi iabala ta paketsua!

       Loiolak diona, ez-orduan, xor gaudela, nondik nora ez dakigula, gertatzen dira argialdi ontan biotz-eragin xamur oietakoak. Orobat diote Ioanes'ek eta Teresak: «a deshora, estando descuidados». Bai lo bete betean gaudela ere. Askotan esnatu oi nintzan bat-batean, lo-ondorik gabe, buruko ernetasun osoarekin, eta galtzarra dardar nula «Iesus!» oiu egiten nun. Eta logale aundia ba'neukan, lo gelditzen nintzan berriz ere luzaro gabe. Nik-ukan nitun biotz-eragiñak legunenetan «Iesus» atera zitzaidan oiurik maizena, naiz ernai naiz xor nindagola.

       N.— Itun zarrean ori?

       El. — Bai; iragarleok ba-genun izen samur orren berri. Gogoan duzu Habakuk'en ua: «Poz-iauzi egingo dut Iesus nere Iaunagan». Eta Ieremias'en ua: «Guk ago-arnas dugun Kristo gure Iauna, gure pekatuz lotu zuten». Biotza aski ordotsa nulako, urteak eta urteak igaro nitun biotz-eragin oiekin, Tabor'era arte, ez bainintzan osotara bikaindu; baiña Iainko-Semeak maketsak berdindu zizkidan, eta geroztik pake aundiagoan ixurtzen zait Beraren grazia.

       Ala ere, grazi orren eragiña ixilagoa da ta eziñ-oartuzkoa animan. Kristorekin bizi dugun bizi izkutu ori da egiazko izkutu edo mistika; ageri diran beste gertakari oriek bizi izkutu orri darizkio. Zer ote da, arren, gugan daukagun bizi ori, grazi ori, Kristoren antx-iduri ori, Kristoren edertasun ori! Baiñan agerira ere nolabait atera nai du, gure gorputza barrengo poz orren erdikide dedin. Gorputz-anima egiñak gaitu Iainkoak, eta bakiotzak bere poza eskatzen du. Animaren pozetik dario gorputzari. Zer nolakoa ote da barrendik datorren iturri ori! Iainkoagandik animara ta animatik gorputzera.

       Askotan gorputza bera ere ez da konturatzen pozaldian dagon ala ez; ain baita sumagaitz.

       N.— Adierazi idazu ori geixago, esan nionan.

       El. —  Eta, —arek— neri au gerta oi zitzaidan askotan otoitz-ordu luzeetan: ba-nengon eta ba-nengon'obeki esan, ari nintzan, ari nintzan, ezarian, edo Iainkoak ari nindun; baiñan gorputza ia legorraldiaren mugan nedukan. Loiolak diona, nere pozaldia siñeste soilarena zirudin; ugaritzen ari dan siñestearena. Ernai egon oi nintzan zentzuz eta adimenez, eta orduak beren eineko iduri zekiz kidan; batere laburtxago. Ontan, arteraiño batere konturatu gabe, bi malko lertzen zekizkidan sudur-barrenaren eta masailaren azpilduran, bertantxe sortu liran gisan; ain ixil bide egiten zuten araiño, betazalak ere batere oartu etzirala. Ortan ezagutzen nun pozaldian neukala gorputza ere, berak asko sumatu gabe. Gogoemazu, beraz, animako poza zein leguna ta sumagaitza diteken, Gorputzeko pozaldi aundi, malko ugari ta olakoak, osasunaren kaltegarri dira; baiña legorraldiaren mugan dagon fede gurizko poz ori dugu osasungarrienik, bai animarako, bai gorputzerako. Dakizunez, nik milaka urtetan bizi bearra daukat, eta pixkanaka moteldu nindeke, zartu nindeke; baiñan otoixkera legun onek beronek ematen dit indar eta osasun beti batean irauteko. Lur ontako ianariak ezin duke gorputza beti ein batean eduki. Matusalen baldin ba'da ere, igatu bearra dauka, aragi ta igaliek ez baitute indarrik milaka urteetan gordin iraunazteko. Otoitz legun onek bizi nau rii, ianariak baiñon areago; onetxek ez nau uzten zartzen eta zimurtzen beste edozein gizon bezala.

       N.— Orain ikusi dut —nik— zergatik esker on ematen diozun siñeste argizko otoitz orri, gure Loiolarekin.

 

 

X

TABOR'EN

(Gaiñenean)

 

       N.— Eldu gera, esan nionan, zure Tabor mendira, antxen ikusi baitzenun lurra zeru biurturik. Nork adierazi dezake zuk bezain ongi kristau zintzoa Kristo biurtzen dala mundu ontan? Esan ere baituzu mendi ontan iritxi ziñala gaiñeneko lerroara. Pozik ixilduko naiz zu entzuteko.

       El.— Ba-dakizu —arek— San Paulek diona: «Nere bizia Kristo da». Ta beste nonbait: «bizi naiz ni; ni ez-baiña Kristo bizi da nigan». Donibane Ebangelariaren bidez Kristok Berak au esan zigun: berriz: «Maite naunak Nik aginduak beteko ditu, ta Aita ta biok arengana etorriko gera, ta argen egingo dugu bizileku». San Paul'ek: «esnai gaudela, lo gaudela, bizi gaitezen Arekin batean».

       Zuen Loiolak itzala bezalako bat sumatzen zun Iesusek egiten ziola, begiz naiz iduri-begiz ezer ikusi gabe, eta itzal antzeko onek errezago sarrerazten zula Iankoaren beste bi Nortzuengana eragozpen izan ordez. Orduko quietista'engatik dio au iñolaz ere. Teresak berriz»: «Zazpigarren egoitzetan ia atertu gabe dabila bat Kristo gure Iaunarekin, lagun baiteramagu beti Gizon eta Ianko batean urturik bezala». Eta, «ez da iñor sartuko, naski, azkeneko bi egoitza auetara, Iesusek ez ba'derama». Egi utsa dira Fr. Luis Leon argitsuaren itzok: «Kristo Iankoaren aurpegi deritza, ta norbait bere aurpegiz bezala, Iainkoa Kristoren bidez ezagutu bear da. Eta bide ontara gabe ezagutzen dunak, ez du ezagutzen ere. Orregatik dio Aitaren izena gizoneri agertu ziela. Beragatik Ate ta Sarrera ditu izen, Berak baikaramatzi Iainkoa ezagutzera ta maitatzera.»

       Iesukristo argi antzean artu dugun ezkero, San Paul'ek ederki: «Argi dan Iesukristoz iantzi zaitezte; ilunpetik argia dirdir atererazi zuna. Bera da zuen biotzetan erraiñutu dana, Iesukristoren aurpegiaren bidez». Argiz iantzi ta areago dio. Egia da zeruaz mintzo dala; baiña Ianko-bizi bikaiña, deramanari ere egotzi ditiozke itz oriek. Soiñeko iantziak gorputza kanpotik biltzen du; baiña Kristoren argiak barrenez barren erasaten gaitu; beraz, iantzi baiñon areago. Gure gorputz zirtzil au Iesukristok eraberrituko du bere gorputz argitsuaren ariora. Kristau bikainduek sumatu oi dute noizean bein beren izate osoan, bai gorputzean ere, argitasun mee bezalako bat.Gorputza illaun bezala biurtzen zaie, pisua galdurik bezala, geroko zerutarren antzera. Teresak egoki: «Guzi au ispillu garbi nintzala iduri zitzaidan, saietsik, sorbaldarik, goien-barrenik gabe, nere izate guzia argi biurtua bezala, ta erditsuan Kristo gure Iauna». Ori da ain zuzen. Argi antzeko biurtzen, argi dan Kristoren antzeko, Iankoaren antzeko.

       Argi, itzal, mintzo, oiartzun, ixietasun... gauzarik meienak eta izkutuenak dekartzigu Ianko-suma ori adierazteko. Guzi orien zirrara itzaltzen zaigu, ta bakartasun ixilean atzematen dugu obekienik bestela ezin atzi dugun Ianko ori.

       Kristo argi dugula gauza iakiña da, ta ortan ari izan gera aurrenetik, eta ustez garbi adierazi dugu; baiña belarriari gagozkiola, Aitaren itza dala ere ba-dakigu. Itz mintxoa ta itz ixila. Bernardo'ren itzok gogoan ar etzazu:

       «Askotan etorri zait barnera Iainkoaren Itza, esatea eder ez ba'da ere. Baiña nigana maiz sartu zan arren, ez nintzan oartu noiz sartzen zan. Nere barnean sumatu nun, nerekin eduki nun, oroitzen naiz. Nozbait idurituak artu nindun sartu ote zan; baiñan ez nun beiñere sumatu sartzen, ez ateratzen. Orain ere ez dezaket ulertu nondik eta noiz etorri zitzaidan, ez ta, utzi nindunean nora ioan zan, ez nondik sartu nondik atera zan; esana baita «ez dakizute nondik datorren, ez nora doan». Ez da arrigarri, Arengaz baitago esanik: «Aren oiñ-urratsik ez dute sumatuko». Ez zan sartu begietatik, naski, ez baitu margorik, ez belarritik, ez baitzun egin soiñurik; ezago sudurretik, ez baitzan nasi eguratsarekin; ez agotik ere, ez baita ianari ez edari; ukituz ere ez nun sumatu, ez baita ukigarri. Nondik sartu zitzaidan, beraz? Ausa, etzitzaidan sartu, ez baitzan kanpotik etorri; ez baita kanpoan dauden oietakorik ezer. Etzitzaidan etorri nere barnetik ere, Bera ona baita, nik, ordea, ez dut neregan gauza onik. Igo nintzan beraz nitaz gaiñetik, eta Itz au gorago zegoen; ietxi nintzan nitaz beetik, ikusmiñez, eta beerago zegoen; so egin nun aldeetara, eta alde guziak baiñon areago zegon. Neregana itzulirik, nigan arkitu nun. Ordun ezagutu nun garbi, irakurria neukan au: «Argan, gera bizi, Argan igi, izan ere Argan gera». Bai doatsu Artaz bizi dana ta Argan igitzen dana!

       Ba-dioke norbaitek: Ua Atzematen naiz sumatzen ain neke ba'da, nondik dakizu barnean gertatu zitzaizula? Itz au eraginkor baita eta bizi. Orregatik, sartu zitzaidaneko, nere anima loak artua esnatu zan; nere arrizko biotz eri oni eragin zion, samurtu zun, itzegin zion. Berela asi zan nigan, erauzi ta suntsitu, eraiki ta landatu, igartua ezotu, iluna argitu, makurra zuzendu, bide latzak legun legun biurtu. Orregatik nere animak eta nere erraiek oro Aren izen txit gurena onesten dute. Beraz, Itz laztan ori zenbait aldiz nigan sartu zanean, etzidan beiñere bere berririk eman, ez keiñuz, ez mintzoz, ez itxuraz, ez urratsez.

       Azkenik, ez nun ezagutu galtzarraren gordeenean sartu zitzaidala, ez Aren eragiñez, ez nere zentzuz. Baizik ere, biotzaren irakiñetik ezagutu nun barnean neukala: nere makur-ioera zuzentzean, aragiaren zirkiñak ibitzean ezagutu nun Aren indarraren ondorio zala. Nere ixilgordeak argitara ekartzean eta aietaz neri akar egitean, arriturik utzi nindun bere iakintasunez.Nere oitura txarrakpixkarik ere ontzean sumatu nun zein on eta otzan zitzaidan. Nere barneko gizon au eraberritu zuenan ezagutu nun nolabait Aren edertasuna. Auek oro nigan batean ikusirik, balditurik gelditu nintzan Aren doai aundi eta ugarietaz.

       Baiñan Itzak aldegitean doai auek aultzen baitira, ta erortzen eta ozten, eltzea sutatik baztertzean bezala, zantzu ontatik ezagutzen nun irten zitzaidala; beraz nai ta nai ez goibel gelditzen nintzan, eta ala egongo naiz, berriro itzuli dakidan arte. Orduan berotuko zait biotza nere baitan, eta ortan ezagutuko dut berriro etorri zaidala».

       N.— Bikain esana —nik—.

       D.— Bai mutikoa, —arrebak—.

       N.— Itzaren ukiturik ez dugula, ez dala uki-gauza —nik— dio Benardok; baiña zure seme Ioanes Itz orren ukituaz ari da bein baiño geiagotan. Ditun orrialderik ederrenak ortaz egin ditu. Nola askatzen duzu korapilo au.

       El.— Giza-izkuntza ez da geiagora irixten, eta Ioanes'ek alegiñak egin ditu gure anima ta Itz ori meetasunik meenekin alderatzen. Idurimenak galarazi egiten digu gorpuzki ez dana buruz asmatzen. Latiñez ere arnasa atera zuten edo eguratsa: spiritus; gauzarik meienetakoa dala ere, azkenean gorpuzki. Nolabait esateko gogaki esan genezaioke. Iones'en itzak alde aldera artu bear dituzu, zer dioten ez-baiña zer esan nai duten gogoemanez.

       Gure entzumenak Iankoa aditzen dula diago. Aditu zuen bizkaitarren antzera: buruz artu. Arnas edo egurats orrek bi gauza omen dakartzi belarrira: ukitzea, ta xixtu egitea. Aitaren Itz orrek ere bi ondorio omen ditu atsegitea ta adieraztea. Eguratsak, belarria igurtzitzean, ukimena iotzen du, ta xixtuak belarriaren beraren entzumena. «Bere-bat dio, Maitearen on-doaien iarioa, Ark naimena ukitzean sumatzen da; au baita animaren muiña. Iankoaren on-doaien iario ori, animaren belarrian, ots, ezagumenean ere sumatzen da.Ukitze orrekin batean entzumenak atsegin aundia artzen du eguratsaren xixtuan edo soiñuan eguratsak belarria ukitu utsez baiñon areago; entzumena animaren aideago baita, gogakiago ukimena baiño. Animaren belarritik sartzen dan Itzaren xixtu au, zerki bat danez gaiñera, egien eta ixilgordeen agertzea darama berekin. Iainkoaren Liburuetan Beraren berri eskuarki belarriz ematen baitzaigu, egi soil oietakoak agertzen zaizkio gure adimenari, edota Iainkoaren ixilgordeak. Ikuskari ta gorde-agerkari oriek ez dira gorpuzki, ez dute gorpuzkiekin aidegorik, ez aien laguntzarik, gogaki soil soil dira. Orregatik egi egia da Iainkoak belarrien bidez bere berri ematen digula».

       Eta eziñ-utzizko diran beste lerro auek:

              Esku biguna (Aita)

              ukitu leguna (Semea)

              goritasun guria (Gogo Gurena)

       UKITU LEGUNA: «Ai Zu, Ukitu legun, Ianko-Seme ITZA, zure Iainko-izan orren meetasunez nere animaren gureraiño sartzen baitzera, ta guzia mearo ukituz, Zugan urrupatzen bezala duzu, iñon entzun ez diran bezalako atsegin guri Iainkozkoetan! Ai zu, Itzaren ukitu legun eta mea, esan-al baiño meagoa! Mendiak irauli zenitun, arkaitzak erdibitu, Horeb mendian, Zure aurrean zoan indarraren itzalarekin; baina legun eta bizkor sumarazi zenio Iragarleari (neri) eguratsaren xixtu mei artan! Ai Zu, aize mea, nola zera aize mei ta medarra; nola ukitzen gaituzu ain mearo, Ianko-Seme Itza, ain izugarri ta altsu zelarik!; Bai doatsu mila bider ain mearo ukitzen duzun anima, Zuk, izugarri ta altsu izanik! Otsegiozu munduari ez, arren, munduari, ez baitu aize mei onen berririk, eta etzaitu sumatuko; ezin baitzatu beregan artu nai ta ikusi nai ere. Ai, ene bizi zakidan Ianko! munduari uko egin dioten aiek bestek ez dute sumatuko Zure ukitu legun ori, beraiek ere meitzen dirala, mea mearekin egokituz. Meituago diran eta garbituago, animaren izan-muiña areago ukitzen diezu, sorkari guzietatik aldegin baitute, eta aieri darien suma ta zantzu guzutik; Zu baitzaude aien barnean etxe egiñik, eta Zure aurpegiaren izkutuenean gordetzen dituzu, ots. Itz ortan, gizonen bildurretik. Ai zu, ukitu mea, berriz ta mila bider meago ta bizkorrago, zure meetasun orren indarrez suntsitzen eta aizatzen baituzu animatik sorkarien edozein ukitu! Zure egiten duzu, Zu bakarraren eta ukituz uzten diozun ondorio orrekin, beste edozer, aundi naiz txikiren ukitua lazkar dirudio, begi-mingarri zaio, ta min eta oiñaze beste edozein ar-eman eta ukitu!

       Zerbait berez meago ta zabalago da; orobat tokitsuago, besteengana barreiatsuago. Itz au iñolako sarkor eta mee da, anima bera ukitzen baitu. Anima ontzi tokitsu zebala da, garbitu ta meatu baita onara orduko. Ai, beraz, Zu, ukitu leguna! Zu sarkorrago, nere anima garbiago, eta nigan ugariago ixurtzen zera. Bestalde, meago ta sarkorrago danaren ukitua atsegin aundiagokoa da, ots, mukulu gutxiago dunarena. Ianko-ukitu onek ez du mukulurik, ukitu egiten dun Itz onek ez baitu eiterik, ez nola-alarik, oriek mugatzen baitute zerbaiten zer-izana. Beraz, ukitu au Iainkoaren zer-denaren baita, esan eziñezkoa da. Ai Zu, azkenik esan-ala baiño meago zeran Itzaren ukitu! Zure zer-izan mei mearekin eta muiñarekin gertatzen baita, eta azkengabe mei ta sarkor danez, barneki ta maiteki ta esan-ala baiño guriago ukitzen du».

       Benardoren eta Ioanes'en zati auek liburuetan arkitzen diran ederrenetakoak dira.

       N.— Izan ere!

       Ezagunak dira Kempis'en itz ederrak ere, Iesus ixilik entzuteaz ari dala: «Iesus barnean mintza ez ba'ledi, zirtzila da gure pozaldia; baiña Iesusek itz bat esan ba'leza poa aundia sumatzen dugu.Bai doatsu, kanpotik datorren mintzoa ez-baiña, barnean irakasten ari dan egia entzuten duna! Bai doatsu Egiak berez eskolatzen duna, itzez eta iduriz ez-baiña, Bera dan bezala.Gizon barnekoiak nonai derama berekin Iesus poz-emailea ta au esaten dio: zakida lagun, Iesus Iauna, alde guzietan eta aldi guzietan.

       N.— Ontan, nere gizona zuti iarri zinan eta ioan-keiñu egiten asi. Zaude apurtxo bat, esan nionan, azken galdera bat egin nai nizuke. Gauza asko ta onak erakutsi dizkidazuke; eskerrik asko, baiñan, esazu, nondik ezagutu dezake kristau zintzoak argialdian egotetik gaiñenera igo izatea dagon adea,

       El.— Gauza ortaz —arek— aski eleta egiñik dago, ta ez naiz aztertzen asiko. Bi astarren emango ditizut neri gertatu zaidana esateko. Au da lenbizikoa: noiznai, lotatik iekitzean ere, otoitzean gertatzen naiz. Esnatzean Iainkoa Bera gertatzen zait oroimenean eta biotzean, nik ezer egin gabe. Ez dut batere alegiñik egin bearrik otoitzean sartzeko, argialdian egin bear izaten nun bezala.Tabor'en gertatu zanarekin nere gogoan eta biotzen betiko ezarririk eta irarririk gelditu zitzaidan gure Iauna, Ikus-ondorio bezala, ezeren iduripenik gabe, iakiña. Onek ari nau beti. Oso bakan atertzen zait oroitze maitetsu ori.

       Au da bigarrena: ala-nola edo alderakizun baten bidez adieraziko dizut. Gogoemazu urmael bat. Mutiko bat ari da iostetan, buxtarri bezalako arri biribil batzuk ur erdira iaurtitzen. Arri koxkor bakoitzak pulunpatzean, pirril bat egiten du uretan. Ua, berrituz eta zabalduz, urmaelaren ertzeraiño doa, ur-axal guzia zimurtzen dula. Olatsu dira argialdiko biotzeragin aiek, xamurren eta legunenak ere. Ostera, zaude begira zu bakarrik, eta urari ez bezaio iñork eragin. Noizik bein an ikusiko dituzu barren barrendik ateratzen ondarretik, ponpolo aiek ixil ixil datoz, eta an lertzen dira gain-axala iotzearekin, eta ez dute ura zimurtzen. Ola dira gaiñeko mailean gertatzen diran gogo-eragiñak. Doi doi sumatzen dira, gorputzak bear aiñaxe. Esanik utzi dizut oriek baiñon ere ixilago ta legunago dala barnean ari zaigun grazia.

       Eta, ain zuzen, len biotz-eragiñak izan nitun abelera berberetan, eta batez era Biblia irakurtzean, lengo toki berberetan gertatzen zaizkit oraingo auek ere, esan dutan aldearekin Emen dator egoki Loiolarena: «Siñespen, itxaropen, maitasunak areagotze da pozaldirik oberena: ta beste edozein barne-poz mota oro ona da, zeru-guzetara ta animaren osasunera eragiten ba'du, Iainko Egileagan ibiaraziz eta pakearaziz. Animako osasunaren aztarretik seguruena, len esan dizudanez, pake ori da, ur-geldiaren antzeko iabaltasun ori. Kristori dario, Itzari dario, Benardok liokenez; Itz orren oiartzunari, ondoreko ixiltasunari; ez iduri, ez soiñu, ez margo dan ari, ta guziok batean dauzkazunari. Entzun dezagun Iñati Antiokiarrak ziona, Kristoren ixiltasuna, pakea, iabaltasuna.

       Itzaltzera noazu. Ezazu biotz!

       N.— Ontara giñala arrebak ukalondoak belaunen gainean tinkatu zitun eta burua eskuetan iaso. Olaxe egon giñan aldi bat ixilik.

       Gero nik ola bukatu nun: Egia esan, aurra, gizon arek olako gauza bikaiñak esanerazi dizkidan ezkero, etzeukanat batere gogorik beste zenbait gauzetan nere luma kaxkartzeko. Or ari zaizkidan adiskideak, seku-lan baiño sasoi obea daukala idazteko, ta iarrai dezadala. Sasoirik oberena ez dun txarra Iankoarentzat. Besteri erakutsia neronek ez egitea itsusi liteken. Aier aierrik niagon mundu bazter batean gorderik, Elias'en antzera, urrundik bederen, nere azken-urteok emateko, Tabor antzeko gain batean txabola bat egin bear ba'nu ere. Etxe aldera urbiltzen ba'naiz, lagunek ez neunate pakean utziko. Etxekoak, berriz... i aunat etxekoenik. Noizean bein elkar ikusi ba'geneza, olako gauzetaz mintzatzeko! «Iainkoa lenik» inguru auetan esan oi danez.

       D.— Etorri adi berriro.

 

 

XI

ZERUA

 

Caelum novum ete terre nova: zerua berri, lurra berri. (Apoc.XXI,1.). Lucerna eius Verbum Dei: Aren izena Iainkoaren Itza. (Apoc.XIX,13).

 

 

AMETSETAN

 

       N.— Negua urbiltzen ari zinan, lenbiziko euriak asirik. Asiera emana neukanan nere zeru oni, eta alako batean, bi argitasun ikusten ditiñat gauez nere gelan. Etzin-berri nintxinan. Dabid'ek dionez, ogean sartu ordukoxe loak artzen natxon; bañan egun artan bekaiñak arin neuzkanan. Bi argitasun oiek ez nindutenan ikaratu, oiturik bainago, eta orduko asiak zitxinan gauezko argitasun aiek. Salvador'en ikusi zetunat aurrenekoz argi-inguma polit oiek. Emen izen itsusia yunate: egal-ipurtargi. Gogoan al daukan ipurtargia zer dan?

       D.— Amaika ikusi netuan ardietatik nentorrela!

       N.— Ameriketako auek egan egiten yunate eunka, berreunka, millaka, ta gelara ere sartzen ditxin. Zer ikuskari zoragarria, illundu ezkero, euritan, elur-luma bezain ugari baitira sasitik sasira, zugatzetik zugatzera, piztu- itzalika. Argi-elur esan liteken, tarteka itzaliko ez ba'lira. Nere gelako bi oiek oietatik zirala uste nenunan; bañan argitasun auek ez zitxinan itzaltzen tarteka ere. Ez zitxinan luxe beste oien antzera. bai biribil. Ez txuri, ez gorri, ez urdin, ez ori, baña tarteko margo bat zunaten. Begiak itxi zetunat. Oraindio barrengo begi-xarean ikusten netunan argi biribil oiek. Aingeru ote dira? nere artean. Euskalerrian oitura danez, au galdegin zienat: «onez al zatozte, ala gaiztoz».

       M.— Onez, mutiko, onez. Gu gatxik. Argi biribillen erdian bi M ikusi netunan. Nor ta ote dira ?

       A, bai! Matxin eta Matxolo. Aingerutan il ziran senideak.

       N.— Oraintxe zuen bearrean arkitzen nauk, bada, zeruaren berri eman nai ba'didazute.

       M.— Eziñarekin ari aiz. Guk esanik ere ez uke buruz artuko. Len ere Aingerua mintzaturik zegok Apokalipsi liburuan. Zer bear duk geigo?

       M.— Alperrik ari aiz. Guk esatea alperrik uke, «ez begik ikusi, ez belarrik entzun, biotzak sumatu ere ez baitezake atsegin toki au zer dan.

       N.— Eta ni zerbait esan bearrean.

       M.— Esan ezak, bañan ez xoxokeririk. Labur mintza adi, Apokalipsi begien aurrean dukala. Lagunduko diagu zerutik.

       N.— Eta au esanik, itzali egin zitxinan. Geiago etzetunat ikusi.

       Asi naun, bada buru-iraulketan, nondik eta nora ioko. Txorakeririk ez esateko alde batera; bestera Apokalipsi orrek bildur ematen zidan, andik ez baititeke itzik kendu, ez erauntsi, madariku aundien azpian. Eta gaiñekoak begira. Au lana! Kezketan egon nintxinan aski luzaro, agindurik baitaukat, bañan azkenean, loak menderatu nindunan.

       Gau artan amets egin nenunan, aski polita, zeruan gertatzen nintzala. Ametsetan gogo-emana, ala bezela eman ezkero, ez al yunat utsegingo, ez Iainkoarekin, ez gaiñekoekin. Entzun ezan, beraz, nere amets ori.

       N.— Andre Mari'ren iaoteguna zinan, Bedaio'ko pesta. Eraman neunate izarretan gora edo etzekiñat beera lurraren azpian ere izarrak erruz baitira. Ikuskarria! Ustai antzeko izar-gerrikoa ageri baita amabi izar-mordorekin Aria, Zezena, Bixkiak, eta abar ua ikusten nunan guzia batean. Zer enparantza ingurutxo bat ateratzeko!

       D.— Ara!

 

 

SOKA-DANTZA

 

       N.— Nongotarrak, eta Bedaio'arrak atera zitxinan: ogeita lau lagun etxe batekoak —gurasoak beren aurrekin— asieran.

       D.— Gogoan zeukeat neronek ere, pamili bakarrak atera izan zula sokadantza. —Beraz, izar-mordo bakoitzaren parean bikotea; erdilekuan berriz, lau gizon, bertatik bertara bezala ikusten eta entzuten —an guzia bertatik bertara ikusten eta entzuten baita—. Lau gizon aletan Iztueta Zaldibiarra, zigor-maisu, puntuak ematen. Beste irurak bertsolari zitxinan, bertsoa lenbizi kantatzeko, ta gero sail osoa.

       Berala aurreskua atera zunaten. Naparroan galdu zinan aurresku ori, iñoiz izan baldin ba'da; Gipuzkoan, berriz, orri dagozkion bi ingurutxoak; baña Bedaio'n Orixe'n etaNapar-mugan dantza osoa ateratzen zinan.

       D.— Egia, neronek ere ikusi nian, Leitza'ko Ebaristo Elduaine gurera danbolin ioaten zanean, eta lenago Pastain, arengandik ikasi baitzun gure Atxiaga'k.

       N.— Nor izango aurre ta atzesku, ta Azpeitiar bat eta Elorrio'tar bat; bi erri oien tartean sortua baitirudi aundiki-dantza ori.

       D.— Nor-ta ziran bi oiek?

       N.— Loiola aurrelari, ta Berrio-Otxoa atzelari. Erdi-zuloko beste gizon aietako bat bertsotan ari zinan, —len dantza beti kantatua baitzan—. Nor? eta Perrando Amezketarra. Lapurreta batzuk gora bera an zitinan Iztueta eta biak, damuturik il baitziran. Perrando bakarka ari zinan aurrena, ta aren ondotik koru osoa, dantzarien eta ertzuloan zeudenen tartean.

       N.— Inguru aunditxoa duk ori. Nola betetzen zuten amabi biko aiek. Besoak luza bearko zititen. Bai zera Izar-mordo batetik bestera errez iauzi egiten zunaten. Gainera, gerriko artako izar-mordoak aldez beste zoazinan: dantzariak ezker-ioeran eta izarrak eskuin-ioeran. Ortaz, pauso banetan mordo bana aldatzen zunaten.

       D.— Ez duk makala! asmatzekoa duk!

       N.— Ametsetan ari naun, neska, ta idurimena ametsetan bizkorrenik.

       D.— Nola ezagutu ituan olako ta alako ziranik gorputzik gabe daudela?

       N.— Ezagutu? Aztu baitzitzaidan ametsetan, gorputzik etzutenik.

       D.— Eta, nongo apaiza zegon maiburu?

       N.— Iesukristo ta Andere Mari, gorputz lilluragarriekin, azkeneko izar-gerrikoa bañon aruntzago, eguzkia ta ilargia gugandik dauden bezala.

       Beren norgeigoka egin ondoren...

       D.—Nor atera zan nagusi?

       N.—Biek elkarren beteko. Gaztetan Berrio-Otxoak etzunan ikasi, bañan an berez ikasten yunate.

       D.— Ta Loiolak bai al zekin?

       N.— Iakiña! Ez al dun irakurri? Paris'en adiskide bat omen zunan, ogean gaixo zegona, oso betillun. Aren begirak ez omen zinan argitzen. Ontan, Loiolari esan omen zionan: «zuen eskualdeko dantza bat dantzatuko al zenidake, argitasun pixka bat etortzen ote zaidan?» eta, bai dantzatu ere; bai gizona sendatu ere. Ni ere soka ortan sartzeko amorratzen nintxonan, baña gorputz ilkor au ezin aldatu zinan emendik ara, ta ez unan gai alako iauziak egiteko.

       Dantza-aurrea bukatu zutenean.

 

 

LEN INGURUA

 

       Beste ogeita lau lagun sartu ditxin. Nongo? ta Askarateko. Ba dakin bi erri oiek ez dutela elkar elkar artu.

       D.— Esana dut, ba: Askarate ta Bedaio, alkar ezin eraio!

       N.—An eraio zunaten; an etzegon bekaitzik, ez gorrotorik. An ikusi nitinan Urlia, Sandia, Berendia, izenik etxunat aipatzen. An ikusi ere oraindi baizi diran zenbait adiskide ta... etsaietatik ere. Etzionat iñori ipernurik opa, Iesukristok odola aiengatik ere eneregatik bezala eman baitzun, eta ditekena dun an elkarrekin biltzea.

       D.— Olako'ri ere ez diok ipernurik opa?

       N.— Ez Olako'ri ere.

       Soka luza ta luza ari zinan. Sartu zitxinan Azpirotz, Berastegi, Orixe, ta abar.      

       D.—Azpirotz?

       N.—Bai. Ango Erreminteneko nagusi zarra, gu aur giñan baño lenagokoa. Berastegira eaman zunaten soka-dantza erakustera. Aren eren-illoba Joxepe'k esan zidanan.

       D.— Azpirotzen dantzarik ikasi al diteke ta atera ere? ez baitago arra bete zelai.

       N.— Orixe'n geiago al zegon?

       D.—Ori esan!

       N.— Maldar aietan enparantza ba yunate, beste zelairik ez ba'da ere.

       Lenengo ingurua kantatzen bai al dakin nor asi zan? Ik ezagutu unan gure Xabalo bertsolaria. Ua zinan erdilekuko lau gizon aietakoa. Aren urrena korua.

       D.— Ez al da zizturik eta danboliñik?

       N.— Ez, neska, ziztua emen ere beieri ianarazteko obea din. Len dena kantaz egiten zunaten, nik Uitzin ezagutu bezala; tuntuna, berriz, gudarako obea.

       D.— Ta nortzu ziran aurre-atzelari inguruan?

       N.— Xabier aurre ta Garikoitz ondar.

       D.— Ori ere!

       N.— Asi dun gure Xabalo. Ez din alako Gaiarre'rik. Zer eztarria! Aren urrena euskaldun guzien sailla. Inguru ta zubi egiñik, asten ditxin bi Naparrak zortzikoka. Ezagun zinan Xabier Paris'ko mutil gazte ua zala, an ere mutil dantza ateratzen arritu baitzitun. Aizekeri zala-ta damuturik, liztez lotu zetunan zangoak estu estu. Artatik gaiztatu zekizkionan, aragia usteltzeraño. Zer iauziak! Garikoitz ere aren ondo ondoko zinana. An ikusi netinan Uitzi'ko Arizti zortzikolari bikaiña, Azpirozko Arrizuri, Lekunberriko Ipiri. Leitzako Gogortza, Berastegiko Alduntzin, Askarateko Sasturain, Bedaioko Xubeldia, Lizartzako Zelagain, eta oinbeste ta ainbeste gizon, emazte, aur... Bein gogoan zeukanat Leitzan irurogei biko giñala soka-dantzan. Zer edertasuna! Oraingo ontan bazitxinan irurogei irurogeiko baño geiago. Kantariak berriz, nonai zeudenan. Dantzariak berak ere kantari ari zitxinan, arnasik galdu gabe, gure muxikolariak aspaldietan bezala.

 

BIGARREN INGURUA

 

       Alda-deia io ondoren, an ateratzen dun Uitziko Gerazine, nik ezagutu nun aitonaren aitona, izen aundiko bertsolaria... Uitzin, beintzat. Euskalerri osoan ere zabaldurik zegon, Azkue'ri esker, aren zortzikoa bere doñuarekin: «Nik aditzea dudanez...»

       D.— Ori kantatu al zun?

       O.— Ez, neska, doñu ortara, bai, bañan Andere Mari'ri bertsoaldi bikaiña.

       Leitzan ikasia yunat Arribillaga amonarengandik, Gerazine ori Leitzako Tutereneko alabarekin zebillala ezkontzeko, ta ango mutil bat tartetik sartu zitzaiola. Ordun atera zetinan:

 

              Ala ba'lire biotzez

              omen diradenak-itzez,

              etzaitute erreko

              bela ur otzez.

 

       D.—Poliki zegok.

       N.— Beraz, ingurualdi batzuk egin eta beste zenbait zortzikoaldi atera, bukatu yunate dantza ori. Gero, Andere Mari'ri guziek agur egin zionate burua makurtuz, eta Amak par murritz batekin erantzun. Egun artan bedaioarrak zerutik beren lurreko txokora begiratzen zunaten. Nik ere ain goitik ez ba'da ere, nere ametsean ikusten nenunan ogetik, Sarasola danboliña iotzen ari zala. Gure artegian -ametsa amets baita-arkumeak naiko esnea edanik, itzulipurdika zebiltzinan ioan etorri, beren gisako dantzan. Zeruan, beste izar-gerrikoetan ere, dantza atera zunaten, bakoitzak berea, ta gero guzien erabat. Orra izadi osoa dantzan. Ipernuan ere bai «Eziñegoaren dantza». Ba zitxinan aski biraolari, batez ere Itali'tik eta Españi'tik. Damutu gabe il ziranak an ari ditxin deabru-dantza nasi artan: ez, naski, marizirtzilen besoetan ezti ezti.

       Gabitegia ere ikusi nenunan, barka-eguna baitzuten Andere Mari'rena. An zegonan Dante aundia, geitxo mintzatu zalako. Onela eraso nionan: «Ez, Dante, ez; Naparroa Bureba'ko Ata'raño zan; euskeraz itzegin oi zan. Zuek, bai, besteren errietan ukalondoa sartzen duzute; zazpigarrenik ez duzute ezagutu. Gure Errege Santz zugur seigarrenak, Ata'ko mugara iritxi zanean, zugatz baten gerrian sastatu zun ezpata, au esanez: «oneraño da nere iaurrerria» Aren gudariek orobat, lantzak lurrean sartu zituten. Lekuko da Bizkaian Malastu zugatza ere. Guk ez genun besteren erririk maiztartu, ez aien utzikondorik artu, ez emazterik eraman. Etzidanan itzik erantzun; bai buruz keiñu egin, arrazoi neukala. Bañan egun artan bertan, mundu zabalean agertu dan olerkaririk aundiena —beude Moises, Dabid, eta oiek— zerura igo zinan, Andere Mari'ren alde ederki mintzatu zalako.

 

 

AGURE-DANTZA

 

       Azkeneko izar-gerrikoan ogietalau izar-mordo ditxin. Apolkalipsi'n esaten diraneko ogeitalau agure aiek an zetunate beren iar-leku bikaiñak. Aiek ere dantza egin zionaten Andere Mari'ri, iñolako gorespenak emanez. Alleluia'ka ari izan zitxinan gerri ta buru makurtuz, Bildotsaren amari, ua bitarteko etorri baitzaigu denori betiko osasuna.

 

 

AINGERU-DANTZA

 

       Azkenik Aingeruena beren Erregiñari. Aien mintzo zoragarria! Gizon gazte itxura artu zunaten. Zenbat millaka milloi. Izar eta gizaki urri gelditzen gatxin. Gabirel zunaten zigor-maisu. Musika, nolakoa! Itzak berriz, Agur Mari otoitzarenak. Azken itzetan elkar artu zunaten doatsuek oro: «Onetsia zure sabeleko Seme Iesus». Nik, besterik eziñean, agopetik esan nitunan.

       Ixilaldia. Oro Erregiñari begira. Ua par-murritzez zerbait esan naiean bezala: «Iaunaren neskamea ni» esan zunan, eta beste ixilaldia. Orduan Ama Semeari begira, ta doasu guziak ere bai. Zer esango ote du gure Iaunak?- «Ama!» Mintzo Iainkozko ua entzutearekin... Zaragoza Txiki'ko ogean esnatu nintxinan.

       Zer ametsondoa! Alako zirrara eragin zidanan nere izate osoan, zoramena darion ago bedeikatu arek. Itz batek bakarrak. Esnai egon ba'nintza, kordea galtzeko aiña ba ninan; baña lotatik birbiztu nintxinan.

       Ametsondo esan yunat; otoitzondo, obeki esan. Gau-erdi aldera esnatu nintxinan. Andik argitu arte ez neukanan logalerik. Iainkoak artua bezala nengonan ezur ta mami, kirio ta muin, txingurritu antzeko irakin legun batekin.

       Oraindio mundu ontan bizi bearraren miña; bañan arako itxaropenarekin erbeste au igarotzeko kemena. Ametsondo ote zan guzi guzia? Mundu au ametsago dala esango niken. Olakoen ametsetan bizitzea obe din, bai emengo egi askotan baño.

       Zer geiago esan bear yunat?

       D.— Galde batzuk egiongo ditiat. Esak, eta nola egongo gatxik izartarte oietan zintzilik erori gabe?

       N.— Ezagun din ik kristau ikasbidea Uitzi'n ikasi ez unala. Luzetxoa zinan. bertako maisu zar Arrizurietak itzulia. Onela esaten zunan: «Zein-ta dira zeru-gorputzen lau doaiak? eta «argitasuna, zailutasuna, (zuek belaungozo esaten diozute), sarkor izatea, minberakaitz izatea». Sarkor izatea, ots, gure gorputzak alderen alde pasa dezakela edozein gorpuzki, Aingeru litzaken gisan; minberakaitzen izatea izenak berak esaten yun.

       D.— Bai, bai, ez dugula andik aurrera miñik iñon izango.

       An ez yunagu izango negarrik, ez miñik, ez nekerik; Argitasuna alegia, Bildotsari dariona, Arengandik guregan errañutzen dala. An ez yunate egunezko argi bearrik ez baita gaurik. Illunarte guziak argituko ditin Bildotsak bere argiz.

       Zailutasuna, alegia, pentsatu orduko an dirala nonai, gu orain Orixen giñaken bezala. An ibiliko gatxin, edota, ibilli gabe ere ikusiko zetunagu bertatik bertara bezala Iainkoak egiñak oro, oraingo urrun-ikuste ta urrun-entzute auekin baño obeki, zenbat eta zein ikuskarri diran. An ezagutuko zetunagu mundu ontan izan diran santu guziak. Aiekin eta kristau on izan diran guziekin mintzatuko gatxin.

       D.— Eta nola? Zer izkuntzetan?

       N.— Iakiña, bakoitzak geurean, eta alere elkar ederki adituko yunagu. Emen ere gertatu izan din, batak izkuntza batean egin eta besteak bestean erantzun. Gure Xabier portugesez mintza oi zinan eskuarki, ta zenbait aldiz Indietan izan zunan doai ori, ango izketa ikasi gabe ere, zeruan ez al gatxin gutxiago izango. Ta aundiago dana, bein amabi Bonzo'k galde bana egin, eta arek, erantzun bakarrarekin adierazi bakoitzari. Zeruan areago, naski. Emen lurrean ainbeste izkuntzek, erri guziak anai izanik ere, elkarrengandik banatzen gaitunate, atze ta arrotz gertatzen gerala; esaten baitu Augustiñ'ek, gizonak naiago dula bere zakurrarekin itzegin beste mintzerako gizonarekin baño. An guziok erri bat egingo yunago, Iainkoaren erria. An guziok anai ezagutuko yunagu elkar, nai ta nai ez, bakoitzak bere izketan iardunik ere. Ioanek ala ikusi zetunan erri ta leñu ta izkuntza guzietakoak: «ex omni natione, et tribu eta lingua». (Apoc.VII, 9).

       Amaika maxi egiten zigunate, euskera Paradisu'ko izkuntza nai dugulako, ots gizamendeen asieratik itzegin omen zala diogulako. Bakoitza bere izkuntzari atxikia izanak makiñabat olako esanerazi yun, Euskalerritik landa ere. Gaztelarrek «Iainkoarekin mintzatzeko izkera» esaten zionate berenari. Ori ez din gutxiago. Prantxexek ere zertzuk esan oi ditute beren izkera xarpil orren alde! Bakoitzak bere ama maite , ederrena ez ba'da ere.

       Bai al dakin zer esan zidaten bein? Atsegintoki edo Paradisuan sugea Eva'ri euskeraz mintatu zitzaiola.

       D.— Polliki asmatua zegok.

       N.— Nik etzekiñat oraingo ontan ilgo ote zaigun euskera gaixoa: urbil zegon; baña ni bizi naizaño iraungo dula uste yunat. Gero, zeruan an izango ditzin lurreko erriak, gurea ere bai. Gurasoekin eta besterik etzekiten aiton amonekin egingo yunagu,beñipein. Ezer gutxi din, baña gutxi onek ere pozten natxin emengo illunaldietan. Amaiaka burruka egin yunagu, ta oraindik ere ari gatxin. Alperrik ote? Lotsagarri uke gure inguruko errientzat eta gure etxeko seme iakintsuentzat. Geuron eskolarik utzi nai ez, eta besteren izkuntzan egin bearra. Euskalerrian argitara emanak ditxin erderaz iakintza gaietako liburuak. Euskeraz ez oraindik, lenbiziko Biblia ere, katolikoa beintzat. Praile oiek gure eltzea maite yunaten gure mutikoak ere bai beren komenturako; baña beti gure erriaren buruzki ari. Apaizek, berriz, alderdirik etxunate —dirurik ez— olako lanak egiteko. Praile batek edo bestek au edo ori egin dula? Zer gauza gero ere! Milla aldiz zor geiago zionate gure erriari.

       Ez ote dakio nai gure Iainkoari, euskera il baño len Biblia gurera itzultzea, edo itzulirik dagona argitaratzea? Pio X'garrenak gre Apezpiku bati esana: «Eguzkipean dan Eliz-barrutirik oberena daukazu». Eta. Iankoaren Itza bere izkuntzan irakurri al izan bage!

       D.— Argitasuneko doaia aipatu duk lenago.

       N.— Bai, ta ortaz idurimena zirikatzea alper uke. Nik asmatua, argi ordez itzal eta illun. Iainkoa Bera mintzatu zaigun eziñ obeki Paul'en bidez gure berpiztea gai dala.

 

 

XII

PIZTUERA

 

       N.— «Norbaitek ba-dioke: illak nola piztu? nolako gorputzez agertu? Zozoa zu. Ereiten duzuna ez da ernetzen, lenik il ez ba'ledi. Ereiten duzuna, gero sortuko dan landare ez-bañan azi utsa da, gari edo olakoena. Iainkoak ematen dio gara gogo dunez, eta azi bakoitzari bere gara.

       Edozein aragi ez da aragi bera; bata gizonarena, bestea abereena, bestea egaztiena, bestea berriz, arraiena. Ba-dira lurrean gorpuzkiak, bañan ortziko gorpuzkien dirdaia bat, lurrekoen dirdaia besterik. Eguzkiak bere argitasuna, illargiak bere argitasuna, izarrek beren argitasuna. Izarrak izarretik aldea du argitasunean. Olaxe illen piztueran ere. Ereitean ustelkor, piztean gordin; ereitean itsusi, piztean eder; ereitean aul, piztean bizkor. Gorputz azikaia ereitean, gorputz adintsua pizten. Gorputz azikaia ba-dan bezala, gorputz adintsu ere bai, idatzia dagonez: lenengo Adan azikai bizi gertatu san; azkeneko Adan adintsu biziarazle. Lenik, ordea, adintsu dana ez-baña azikai dana, gero adintsu dana.

       «Lenengo gizona lurretik lurtar; bigarren gizona zerutik zerutar. Lurtar izan zana lurtarrak; zerutar dana zerutarrak. Beraz, lurtarraren antza artu genun bezala, ar dezagun zerutarraren antza.

       «Zergatik diot au? Aragi-odolek ezin baitu iritxi Iainkoaren iaurerria; ustelkoi danak ere ez eziñ-ustel dana. Ara nik esan izkutagarri bat: guziok piztuko gera, naski, ez ordea guziok berrituko. Ziztakoan, begi-klixkan, azken-turutaren otsean; turutak otsegingo baitu, ta illak gordin piztuko dira, ta gu berrituko gera. Ustelkor dugun au gordin biurtu bearra da, ta ilkor dugun au, bizkor. Ustel au gordin dedinean eta ilkor au bizikor, orduan gertatuko da idatzirik dagon au: Non duk, erio, ire gurenda? non duk, erio, ire eztena? Erio-eztena obena da, naski; legea, berriz, oben-pizgarri. Eskerrik asko, beraz, Iainkoari, eman baitigu garaikundea Iesukristo gure Iaunaren bidez».

       Emen Paul'ek argia ateratzen yun idurikizun: eguzki illargi izarrena. Len ere esan genunan argi-gorputz zala Kristorena, CORPUS CLARITATIS, eta ba-zekiñagu Bera argi zaigula. Darion, argi orrekin berritzen gaitunean, ua duken argitasuna! Bañan bakoitzak berea, merezi izan dunaren ariora. Gorputz berau duguna, nolabait argia bezain mei ta sarkor biurtua. Ordun bai, mukuluki edo gorpuzki guziak alderen alde erasango ditiñagu. Len axaletik ikusten genun edozein mukulu, ordun barrendik; bañan etxunagu aien barnean sartu bearrik, dana dan bezala ikusteko, Iainkoak egin bezala ulertzeko garden agertuko zaizkigun guziak kristal-mokorra bezala; orain zoko ta izkutu zaizkigunak ikusteko, begia zorrotz izango yunagu. Ederrago gaituken eta zailuago, orain ikusi eragiten digun argi au baño. Emengo argi onek, segundoko 300.000 kilometro egiten omen zetun. Guk areago orduan, argi-gorputz aiekin. Guretzat ez duken alderik eta tarterik; beti bertatik bertara.

       Zertako ditxin emengo asmakizun berri auek? Urrun ikusteko ta urrun entzuteko, geurok gaituken ikusgailu ta entzugailu. Eta gure Argi duguna, beti gu bakoitzarekin, nonai gaudela, noranai goazela.

       Emen ere, aldareko otamen txuri ortan nonai zeukanagu, lurkira guziko gizonak Iauna artzen une berean ari ba'lira ere. Zergatik ez an?

       Bakoitza geure izenez deituko gaitin, eta, Aitaren izkera egiten baitu, izen bakarra esatearekin, izen guziak batean dauzkana esatearekin, bakoitzak geurea entzungo yunagu, ta laztan bakarrean guziok laztanduko gaitin, Eukaristian bezala. «Zatoz, nere Aitaren onetsia; idukazu lurra lur zan baño len antolatu dizudan laurerria». Ori din Aitaren Itza mintzo biurtua. Zein samurra ote? Gogoan zeukanat ametsetako ua, iduritu utsezkoa, esnatu bainindun bere eragin sarkorrez. Ua duken egia, ez ametsa!

       D.— Oraingo asmakizun auek eta aldareko egoera miragarri orrek zerbait adierazten zigute orregatik.

       N.— Urrundik eta oso urrundik. Gure asmakeri, idurikizun, bururakizun, itz eta mitz, ezer ez ditxin, eta exiltzea obe, bakartasunean auznartzeko: «Ez du begik ikusi, ez belarrik entzun, ez da giza-biotzera iritxi, Iaunak guretzat an antolaturik daukana».

 

 

AZKEN-AUZIA

 

       D.— Oraintxe sartzen ari gaituk, eta laister ara-ustean.

       N.— Itxaropenez. Au egingo yunagu au egingo yunagu esatean, lasapidez ari gatxin. San Paul ere ala ari dun, Iainkoak erakutsirik: «Gu ere berrituko gera». Ez al zain pixka bat galtzarra zabaltzen?

       D.— Beti ere.

       N.— Alare esanik utzi zurran Paul santu orrek: «besteri Berri Ona adierazi ta ez nadin gerta nerau gaiztetsi».

       D.— Ez beza Iainkoak!

       N.— Esan dezagun berriz ere, bildurrez, bañan itxaropenez; «gu ere berrituko gera». Laister ikusiko yunagu azken-auzira baño len.

       D.— Eta, egun artaz ez al duk ezer esan bear? Ez ninan asmorik bañan aipatu dunan ezkero, bi itz; labur iarduteko esan baitzidaten anaiek, eta iñozokeririk ez esateko. Iainkoaren itzari natxikion berriz ere. Ebangelioari lenbizi: «Eguzki illargi izarretan eta lurrean, siñaleak agertuko dira, ta iendeak estu dirake itsas-orroaren eta ugiñen bildurrez. Bildurrak igartuko ditu gizonak, lurbira osoari datorkionez. Ortziko indarrak ikaratuko dira. Ordun ikusiko dute Gizasemea odeiean datorrela, indarrez indartsu ta aundiz aundi. Gertaera auek astean, begira ta iaso buruak, zuen zeruratzea urbil baitago». (Le. XXI, 25-28).

       Lentxeago esan zunan: «Lur-ikara aundiak dirake tokika, izurrite ta goseak, ortzitik siñale ikaragarriak» (11).

       «Eguzkia illunduko da, illargiak ez du argi egingo, izarrak eroriko dira lurretik, eta ortziaren orpoak dardaratuko. Ordun agertuko da Gizasemearen zantzua zeruan... ikusiko dute Gizasemea odeietan datorrela, indarrez indartsu ta aundiz aundi. Bialduko ditu, Aingeruak turutari ots aundi eragiñez; eta bilduko ditute autetsiak lau aizeetatik, ortziaren goienetik baztarretaraño». (Mt. XXIV, 29-32).

       Gauza bera zion Mark'ek ere aldakuntza batekin: «lurraren muturretik zeruaren goieneraño». (Me. XIII, 27).

       D.— Ez gatxik gutxi izango ere, lorraren muturretik zeruaren goieneraño.

       N.— Betealdi bat emango zionagu, iñolaz ere, zeruari.

       D.— Laister gertatuko ote da ori?

       N.— Ez neri iduritzen, Iesukristo etorri-berri baila lurrera. Degoneko mundu au bnkatu? Nork igerri eguna ta ordua? —Aitak bakarrik.

       Ioel Iragarleak dionari kasu egin bear zionagu: «Ordun au gertatuko da: Iaunaren izena deitzen duna, onik aterako da». Ez nolanaika deituz; Iauna, Iauna esaten duna ez-baña Arak naia egiten duna sartuko baita zeru-erdian.

       An agertuko din erdian Iesukristo, auzi-nagusi, amabi apostoluak maiean auzi-gizon ditula. An agertuko din Gurutzea, zeruen edergarri. Gure egiñen oro, aundi ta txiki, begien itxi-ideki batean aztertuko zetunate.

       Bertan epaia: «Zatozte, Aitaren onetsiok, ar zazute, mundua mundu zan baño len antolatu zaizuen iaurerria». «Zoazte, gaiztetsiok, betiko sutara, atondurik baitago deabruarentzat eta aren aingeru gaiztoentzat».

       An ikusiko yunagu LUZIPER, euskeraz ARGIDUN, illun beltz ikaragarri; artatik igerriko zionagu nolako argitasuna zuken, oben egin aurrean.

       D.— Ta oinbeste gaiztetsien gorputz non kokatuko ditxik lurraren sabelean? (Eccli, XVII, 19),

       N.— Esana baitago «zerua berri, lurra berri», lurbira au saboi-askilloa bezala ez al zezaken Iainkoak puztu, orain baño eun aldiz aundiago biurtzen dala? Izango din, bai, aientzat tokia. Gauden gu onetsien artean, zerua alderen alde gure dugula. Ez din eguzkirik, ez illargirik, ez bearrik ere, Bildotsaren argiak argi egiten baitu. Gure argitasunak ere bai, Ari darionetik arturik. Ez din izar-arte illunik izango, orain bezala.

       D.— Eta auzi ori eguratsean izango ote?

       N.— Ala bezala esan ziteken. Non tokirik lurrean ainbeste ienderentzat? Gu beñipein, —Iainkoaki ala nai dakiola— odeiak artzen gaitula, bidera aterako gakion Iesukristori, OBVIAM CHRISTO IN AERA, ta ola egongo gatxin beti Iaunarekin, ET SIC SEMPER CUM DOMINO ERIMUS. (Thesal. IV, 16).

       Non eta nola egongo ote geran orrek kezkatzen bai au, zerua berri baita, Iainkoak egin zezaken izar guzi oiek bizileku gertatzea. Ta gorputzaren lau doaieri esker, orain egaztiak bañon errexago kokatuko gatxin eguratsean.

 

 

BILDOTSAREN EZTAIAK

 

       D.— Egon eta egon, ez ote gatxik aspertuko?

       N.— Etzegon bildurrik. Emen ere, bi gizon iakintsu elkarrengana biltzen diranean, ez ditxin aspertzen beren iakinkizunetaz itzegiten, eta bakarka ari diranean, orduak errez igaro oi zaizkien. Emengoak zer balio yun?

       Bañan ez gatxin egongo xoxoturik, ez; Iesukristoren argi ortan murgildurik gaudela ere, edozeiñekin itzegiteko geure esku gatxin. Otoitzean ez-bezala, edozeiñekin itzegiteko geure esku gatxin, edozeiñengan arkituko baitugu Iesukristori darion argi ori, ta iardunean ari gerala ere, Iainkoaren murgildurik gaudeken, len esan niñana.

       Eta izango yunagu zer ikusi izadi osoan. Emen aberatsak arontz onontz ibili oi ditxin, mundu guziko baztarrak ikusiz, aspertu gabe. Emen aspertzen ba'dira, ara ioaten ditxin. Zer den lur biribil au izadi osoarekin alderaturik? Autsaren pits bat.

       Izango yunagu zer mintzatu ere. Emen lurrean erabili genitun eztabaidak, an garbituko ditiñagu, ta oinbeste milloi mundu berri ikusten arriturik, aietaz mintzatzen ba-zeukanagu betiereko lana.

       D.— Ala esan zitekek.

       N.— Guzi ori erakutsiko zigun lenbizi begien itxi-ideki batean Iainkoaren Bildotsak bere argiz.

       Arreoa zabalduko yun. Zortzialdia emaztegaiak bezala: zortzi izara larri, zortzi axal eta abar. Eunka, zireunka, aleunka.

       «Or doaz aleun eguzki, neronek nere eskuz egiñak; aleun illargi, aleun izargorri, aleun izarzoro, aleun...» guk iñola ezin asma dezazkegun aleunka izakari. «Or doaz aleun aldiz aleun Aingeru, aleun aldiz aleun Goiaingeru,... or doaz, batez ere, Nik nere odolez irabazi nitun aleunka neskatxa gazte garbi, siñez-aitorle, odol-aitorle, aur errugabe. Or daukazute batik bat nere Ama, izadi guziaren Erregiña».

       Ta berela eztaiak asiko ditxin.

       Etxunagu ian edan bearrik. An ez din sabel-nagirik, ez mozkorrik.

       D.— Baten batek esango yuk: «Zer eztaiak, gero ere, ian edanik gabe!»

       N.— Ba-din oberik! Betiko goserik eza, betiko negarrik eza; iñoiz ez gau, beti egun. Bañan ori ezer gutxi liteken. Kanta ba-dala ba-zekiñagu beintzat, Apokalipsin irakurririk. Gizakiena ta Aingeruena. Eta —Iainkoak barka aulkeriren bat esaten ba'dut— dantza ere bai, nik uste. Dantzarik gabeko eztaieri ez genieken esker aundirik emango.

       Gizadantza lenbizi, gizaki emaztekiena; gero Aingeru-dantza, gero ogeita lau Agureena, guziak Iainkozko dantzak; ez, naski oraingo dantza lizun auek.

       Dantzari-buru Dabid ikusiko yunagu, ta bigarren buru Donibane Ebangelaria; esaten baitu bere Apokalipsi artan, iauziak egingo ditugula. «Poztu gaitezen, egin dezagun iauzi, emaiogun ospe Iainkoari, Bildotsaren eztai-egunak etorri baitira, ta Aren emaztea (Eliza) apaindurik agertu da». (Apoc. XIX, 7).

       Euskaldunen sail ñimiñoa an agertuko din «dantza iauziekin»: Baztan, Luzaide, Naparroa Bekere, Xubero, erri bakoitza bere irra-lauziekin.

       D.— Ikuskarria izango yuk.

       N.— Emen ere zoraturik egon oi gatxin dantzarieri begira. Aspertu esan dun zeruan? Ori... angorik asmatu ez dezakegula.

       Emengo erbeste negargarri ontan ere ba-yunagu gopor, noizpenka iauzi batzuk egiteko. An, berriz, «gure Iainkoak txukatuko du begi-malko oro». (Apoc. VII, 17).

       «Ez diteke aurrerantzean eriotzik, ez negarrik, ez minguliñik» (JXI, 4).

       «Orra Iainkoaren etxola gizartean; aiekin biziko da. Aiek zaizkioke erri, ta aiekin bizi dan Iainkoa Bera zaieke Iainko», (XXI, 3.)

       D.— Etxola esaten duk edo etxabola?

       N.— Ain zuzen zuzen Apokalipsi'n au irakurtzen yunagu: «Ez nun an ikusi Iauretxerik (Elizetxerik), Iainko guzialtsua baita uri aren Iauretxe Bildotsarekin. Eta uriak ez du eguzki illargien argirik bear, Iainkoaren argitasunez argitua baitago, ta ango argia Blidotsa da». (XXI, 22, 25).

       Iainkoaren iarlekua ostilikaz inguratua dago, ta inguruan ogeita lau alki daude ta ogeita lau Agure eseririk, zuriz iantzirik, urre-buruntza buruan. (IV, 4.)

       D.— Nor-ta ote dira Agure oiek? Apostoluak amabi besterik ez baitira.

       N.— Itun zarreko Aitagoi aietatik, naski: Abrahan, Isaak, Iakob, Moise, Iainkoaren gizona, ta abar. Onen kanta ere ba-zekarkin Apokalipsi'k Bildotsari emana: «Aundi miragarri dira Zuk egiñak, Iauna, Iainko guzialtsu: zuzen eta egizko Zure bideak, mendeen mendeko Errege». (XV, 3). Gure Elias ere ogeita lauen artean dala esango niken.

       Bildotsaren iarlekuaren lau egietan lau animali zeuden (IV,). Aien kanta ere ba-zekarkin: «Guren, guren, guren, Iainko guzialtsua, ba-zana, ba-dana, ba-datorkena». (IV, 8). Au entzutean, egeita lau Agure aiek auspez iauretsi zunaten menderen mende bizi dana, ta beren buruntzak lurrean utzirik, onela zionaten iarlekuaren aurrean: «Zor zaizu, gure Iaun eta Iainko, ospe, edertasun, al-izate, Zuk egin baitituzu diranak oro; Zuk naita sortu ziran eta irauten dute». (IV, 10).

       Azkenik, zeruko Eliza osoak onespen auek ematen zition Bildotsari: «Zure odolez irabazi gaituzu Iainkoarentzat, leñu, erri, izkuntza guzietako auek; iaurerri egin gaituzu gure Iainkoarentzat, eta apaiz, eta Errege izango gera», (V,9-10).

       «Zor zaio, il zuten Bildotsari, indar eta Iainkotasun, iakintasun, kemen, ospe ta dedu ta onespen». (V, 12). Oraindik azkenago, zeru, lur, lurpe ta aietan daudenek oro, au zioten: «Iarlekuan dagonari ta Bildotsari, onespen, dedu, ospe ta al-izate menderen mendetan. Eta lau animaliek «Amen» esaten zuten. Eta ogeita lau Agureak auspez erori ziran, eta iauretsi zuten mendeen mendetan bizi dana». (V, 13-14).

       Eztai onek etxun eztai-ondorik, beti eztai baita. Bai eztai-aurrea, Elizaren barnean Iainkoaren adiskide bizi diranentzat. Sumatzen yunate alako zeru poxiño bat, urrundik bederen. «Ez du begik ikusi, ez belarrik entzun». Zer ote da, arren, zerua. Bego berriketa.

       Oraintxe sei bat urte zeuzkanagu gizakiaren adiña lotzeko; Dabid'ek dionez irurogeitamar urte baitira. Etzekiñagu noiz arte gauden atzerri negargarri onetan. Bitartean, beintzat, entzun dezagun ixiltasunean Iainkoaren ITZ ori, an eta emen argi, bañan emen batez ere mintzo bere liburuetan, eta aien oiartzun. Bera entzun ez ba genun ere, or zeukanagu Aren Berri Ona. Entzun, bai entzun.

       Apokalipsi'ren azken-itzekin bukatuko yunagu: «Gauza auetaz aitor egiten dunak, au dio: «Bai, berela nator. Ala bedi. Zatoz Iesus Iauna».